Ondarroako Eskilantxarri Ur Kirol Elkarteak eta Euskal Herriko Surf Federazioak elkarlanean antolatutako proba apirilaren 29an jokatuko da, eta euskal zirkuiturako proba puntuagarria izango da. Egutegia astean eman du ezagutara EHSFek, eta guztira, sei proba jokatuko dira zirkuitu barruan. Ondarroakoa lehenegoa izango da, eta hurrengoak Gasteizen, Getxon, Zarautzen, Deban eta Plentzian egingo dira, hurrenez hurren.
Maila horretako proba bat Ondarroan jokatuko den estreinako aldia izango da, eta Eskilantxarrikoak gogotsu daude. Zuzendaritza taldeko kideek nabarmendu dutenez, berri pozgarria da. “Proba iaztik gabiltza Ondarroan egin nahian, baina orain arte ez dugu berau antolatzeko aukerarik eduki”.
Ondarroako probari dagokionez, ibilbidearen inguruko prestaketagaz arduratuko da Eskilantxarri. Eta aurreratu dutenez, ibilbidea zelakoa izango den prest daukate; ibilbide konbinatua izango du, eta parte hartzaileek ibaiko eta itsasoko uretan ibiltzeaz gain, hondartzetan taulak eskuan hartuta korrika egin beharko dute. “Parte hartzaileek Arrigorri hondartzatik irtengo dute, eta errekan gora Zubi Zaharrera arte joan beharko dute. Zubi Zaharraren parean buelta egin, eta errekan behera itsasora irtengo dute Lekeitiorantz. Baliza bat ipinita egongo da, eta horri buelta eman ondoren, Mutrikurantz joan beharko dute. Tartean, Saturrarango hondartzan eta Arrigorri hondartzan taulak besoan hartu eta korrika ere egin beharko dute”.
Euskal Sup Race Zirkuituko proba bat, Zarautzen. Argazkia: Aiora LarraƱaga / Urola Kostako Hitza
Zirkuitua bi mailatan zatituta dago, eta horren arabera, bi ibilbide prestatu dituzte: bata, 12 kilometrokoa, eta, bestea, 6 kilometrokoa. Sup Elite 14” eta Sup Pro 12,6” mailakoek egingo dute ibilbide luzea, eta amateur mailakoek berriz, motza. Horrez gain, gaztetxo mailako lasterketa bat ere egingo da.
Era berean, 6 kilometroko lasterketa herrikoian ere parte hartzeko aukera egongo da. “Bazkideek, herritarrek eta zirkuituan parte hartzeko aukerarik ez dutenek parte hartu ahal izango dute bertan. Izan ere, zirkuituan parte hartzeko baldintzetako bat federatuta egotea da”. Ondarroan zaletasuna ere badago, eta lasterketa herrikoian parte hartze zabala espero dute. “Gero eta zaletu gehiago daude inguruan. Ondarroa, esaterako, kirol hau praktikatzeko toki egokia da. Erreka eta itsasoa bertan ditugu, eta urte osoan kirola praktikatzeko baldintza nahikoa onak egoten dira”.
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.