Bilbo bezala bere etxe izan duen Lekeition hartuko dute zapatuan [martxoak 4], Arantza Zulueta. Preso eta iheslarien senide eta lagunek 19:00etan jarri dute ordua, Eskolapean, abokatuari harrera egiteko.
20.000 euroko bermea ordaindu ostean,
joan den zapatu arratsaldean geratu zen aske Zulueta. Goizeko lehen orduan ordaindu zuten Arantza Zuluetaren fidantza, eta eguerdian, 15:15ean, atera zen kalera, Cadizko (Espainia) Puertoko III. espetxetik.
Cadiz-ko espetxearen atarian zain zeuden senide eta lagunen agurra jaso zuen lehenbizi, zapatuan, eta Ongi etorri Arantza zioen pankarta bategaz eta aurreskua dantzatuz egin zioten harrera, berriz, domeka eguerdian, Bilboko Alde Zaharrean. Orain, berriz, Lekeitioko lagunak agurtu ahalko ditu.
Arrisku gutxiago. 2014ko urtarrilean atxilotu zutenetik, behin-behineko espetxealdian eduki dute Zulueta, behin eta berriz salatu dutenez, «epaiketarik barik, urrunduta eta bakartuta». Eta hiru urteren ostean,
kartzelatik ateratzeko aukera eman dio Auzitegi Nazionaleko Zigor arloko 3. sekzioak. Besteak beste, kartzelan eduki duten denboran ihes egiteko arriskua txikitu egin dela adierazi dute epaileek. Argudiatu dutenez, Zuluetak bere burua defendatu beharko duen epaiketa bat edukiko du epe laburrean –auzipetu gehiago ere defendatuko ditu–, eta prozedura «konplexua» denez, defentsa ongi prestatzeko aukera bermatu behar zaiola iritzi diote epaileek.
Espainiako Auzitegi Nazionalak aintzat hartu du, besteak beste, ETAren jardun armatuaren amaiera: «Delituak berriro egiteko arriskua gutxitu da, kontuan hartuta igarotako denbora eta ikerketapean dagoen ustezko erakundeak jarduera eten duela». Hori horrela, epaileek idatzitako autoak dio ez dagoela «nahikoa arrazoi» Zulueta «baldintzarik gabe» espetxean izateko.
Libre geratu ostean, abokatua hamabostero aurkeztu beharko da gertuen duen epaitegian, eta ezin izango du Espainiako Estatutik irten.