Kadete, gazte eta junior mailako Euskadiko pista estaliko txapelketa jokatu zen zapatuan [otsailak 25], Donostian. Eta bertan 11 domina lortu dituzte Tximistako eta Durangoko Kirol Taldean dabiltzan eskualdeko atletek.
Durango Kirol Taldeko Ainara Mugartegi markina-xemeindarrak, esaterako, bi urrezko domina lortu ditu 200 (26,32) eta 400 metrotan (59,63), gazte mailan. Mugartegik, gainera, bere marka pertsonala hobetu du bi diziplinetan, eta
Espainiako txapelketan parte hartzeko txartela ere lortu du. Tximistako Terese de Madariagak ere urrezko domina lortu du pertika jauzian, 2 metroko jauzia eginda.
Tximistako Mikel Dolaragak, berriz, zilarrezko bi domina lortu ditu 400 (51,54) eta 200 metrotan (23,31), junior mailan. Tximistako Irati Iriondok ere bi zilarrezko domina lortu ditu altuera jauzian (1,35 metro) eta 60 metro hesietan (9,84). Tximistako Vladimir Anakabek ere zilarra lortu du jauzi hirukoitzean, 10 metro eta 94 zentimetroko marka eginda.
Euskadiko txapelketan parte hartu zuten Tximistako kideak. Argazkia: Tximista
Tximistako Oihane Gonzalezek, berriz, 3. postua lortu du pisu jaurtiketan, 9 metro eta 24 zentimetroko markagaz. Ines Lauzirikak ere brontzea lortu du jauzi hirukoitzean, 10 metro eta 52 zentimetroko marka eginda. Eta Durango Kirol Taldeko Damias Ares berriatuarrak ere brontzea lortu du luzera jauzian, 6 metro eta 2 zentimetroko marka eginda.
Durango Kirol Taldeko Sofia Zacharova markina-xemeindarrak, berriz, bere marka pertsonala hobetzea lortu du 300 metrotan (46,26); laugarren amaitu du lasterketa. Talde bereko Aiert Azkarate ondarrutarrak ere laugarren amaitu du pisu jaurtiketan. Orkatilan min hartuta bazegoen ere, marka polita lortu du berriatuarrak (9 metro eta 96 zentimetro). Priscila Asiama ondarrutarrak ere luzera jauzia irabazi zuen, 5,27 markagaz. Tximistako Karla Balenziagak, berriz, laugarren amaitu du 200 metrotan.
Tximistako eta Durangoko beste hainbat atletek ere marka politak lortu dituzte Donostiako proban. Pozik agertu dira denak.