Emozioa eta joko ona ikusteko aukera eskaini zuten, berriz ere, atzo goizean [otsailak 26] jokatu ziren
Beteranoen Binakako XII. Esku Pilota Txapelketako azken aurrekoek. 30 eta 23 nagusitu ziren Telleria eta Conde, Beraza eta Etxebarriaren aurka jokatu zuten lehen partidan; 30 eta 25 irabazi zuten, bestalde, Astigarragak eta Egañak, Moralen eta Lakaren kontrako bigarren norgehiagoka.
Beraza eta Etxebarria Elgoibarko bikoteak neurria hartu zioten Telleria eta Conderen aurkako partidari ligaxkan, garaipena bere eginez, hori dela eta, Telleria mallabiarrak eta Conde elgoibartarrak partidu serioa planteatu zuten atzo. Hasieratik, 4 eta 5 tantoko abantailagaz abiatu ziren eta 15 eta 10 ere jarri ziren markagailuan. Une horretan Berazak sake falta egin zuen eta Telleria eta Conde 19 eta 11 jarri ziren.
Egaña pilota sarera bidaltzen, Beteranoen XII. Esku Pilota Txapelketako azken aurrekotakoan. Argazkia: Beteranoen Txapelketa
Etxebarriak pilota ikusgarriak bueltatuz, esperantza bizirik mantendu zuen berriz 5 puntura jarriz, 22 eta 17. Telleria, baina, sakez min egiten hasi zen, eta bazirudien, partida egina zegoela, baina Sabino Etxebarriak, berriro lurretik pilota oso gaitzak eramanda, 28 eta 23ra hurreratzea lortu zuen. 29. tantoa Etxebarriaren lehen hutsegiteagaz heldu zen, eta hor erabaki zen norgehiagoka. “Etxebarria izan zen kokapenagatik eta pilota sail asko bueltatzeagatik, partiduko jokalari onena”, adierazi dute antolatzaileek.
Hasieratik aurrean. Bigarren azken aurrekoko irabazleak, Astigarraga eta Egaña, 7 eta 0 jarri ziren lehen momentutik. Moral eta Laka ohituta daude horrelako egoerari buelta ematen eta 8 eta 6, 15 eta 14 eta 23 eta 20 ere hurreratzea lortu zuten, eta 29. tantora arte ez zieten irabazleei arnasarik hartzen utzi. “Egaña izan zen onena; partida berak atera zuen aurrera. Laka bere maila onean aritu zen eta Morali ondo agintzen”, adierazi dute antolatzaileek.
Borroka polita egon zen bai aurrean zein atzean. “Egañak nabarmen jokatu zuen, eta 9 pilota sartu zituen sarean. Hor egon zen aldea!”.
Datorren domekan [martxoak 5] jokatuko da azken aurrekoetako
buelta. Martxoaren 26an jokatuko den finalera pasatzeko partida biak irabazi behar dituzte bikoteek, bestela berdinketa hautsi beharko dute, antolatzaileek azaldu dutenez, txapelketan tantoek ez daukate-eta zerikusirik.
Honek izango dira datorren domekako
partidak [martxoak 5]:
–
10:00etan : Beraza-Etxebarria/Telleria-Conde
–
11:00etan : Asti-Egaña/Moral Laka