Urte bete igaroko da
martxoaren 5ean,
Ahaztuen Oroimena elkarteak, Aranzadigaz batera, Zelaietaburun lehen deshobiraketa burutu zuenetik, eta aste gutxi barru 80 urte beteko dira 1937ko apirilean tropa faxistak gerra frontean aurrera egin eta Bizkaian sartu zirela. Data horiek aitzakia hartuta, omenaldia antolatu du Ahaztuen Oroimena elkarteak
Zelaietaburun, domekan [martxoak 5],
12:00etan.
Bertan geratutakoa jasota geratu dadin, eta bertara doazenek han gertatutakoa errazago ulertzeko aukera izan dezaten,
panel informatibo bat ere inauguratuko dute, omenaldiagaz batera. “Erresitentzia gunetik, memoria gunera igaro eta leku horretan gertatutakoa memorian gordetzea nahi dugu, horretarako panel informatibo batez gain, bertara iristeko bidea seinalatu da. Informazio horrek, egiari, zein memoria kolektiboari, ekarpena egin nahi dio”, azaldu dute Ahaztuen Oroimena elkartekoek.
Horrela, Artibai Mendigoizale Taldeagaz eta ETX kultur elkarteagaz batera, nahi duenarentzat,
ibilaldia antolatu dute gerra egon zen frontean zehar. “Miliziano eta gudariek egiten zuten bidezidor eta pistetatik joango gara Zelaietaburura, eta bidean zehar gertatutakoa oroituko dugu”.
Zelaietaburuko hobia. Argazkia: Gotzon Almaraz/Ahaztuen Oroimena
Markina-Xemeindik irteera
09:00etan izango da Arkupetik, eta gero, 09:30ak aldera, Etxebarriko
Beide baserriaren aurrean batuko dira ibiltariak Zelaietaburura igotzeko. “Beide erre egin zuten 1936ko urriaren 28an, eta bertan hil zuten Juan Jose Idoeta Amoto baserrikoa. Horregatik erabaki dugu ibilbidea Beiden hastea”.
Beidetik irtenda, Zulueta, Akarregi, Egixarre, Amulategi, Atsoin Zabal, Adrin eta Koosatik igaroko dira ibiltariak Zelaietabururaino. Horrela, besteak beste, data eta gertaera esanguratsu bi aitatuko dituzte bidean: 1936ko Egixarreko borroka eta 1936ko urriaren 20an Amulategi baserriaren ondoan tirokatu zuten Jose Sagarna abadearen heriotza.
Beherantzako bidea era antolatu dute. Hala, omenaldiaren ondoren, 2 orduko ibilbidea egingo da Etxebarriraino.
Lubakia. Ahaztuen Oroimenakoek gogora ekarri dutenez, Zelaietaburuko gainean, gipuzkoarako begiratokian lubakia egin zuten erreketeek 1936ko irailaren bigarren hamabostaldian, eta egun batetik bestera utzi behar izan zuten posizioa, 1936ko irilaren 29an Kalamuako gainean baitziren. Gudari eta miliziano antifaxistek sortutako erresistentzia gunea okupatu egin zuten orduan, faxistek, eta Zelaietaburuko gainearen beste aldean, Etxebarrira begira, kokatu ziren.
Ahaztuen Oroimena eta Aranzadi elkartekoak martxoaren 5ean Zelaietaburun agertu zen gudariaren gorpuzkinak berreskuratzen.
Gudari eta milizianoek egindako lubakian,
hiru gorpuzkin deshobiratu ziren 2016ko martxoan eta apirilean, baina zoritxarrez ezin izan direla nortzuk diren jakin azaldu dute Ahaztuen Oroimena elkartekoek.
“Hiru hilketa hauek noiz gertatu ziren ezin izan dugu argitu, baina baliteke 1937ko martxoa-apirilean izatea, faxistek Bizkaia okupatzeko ofentsiba hasi baino lehenxeago. Izan ere, milizianoek, zenbait saiakera egin zituzten Markinaldeko sektorean eta Eibarkoan faxisten aurka. Milizianoek egindako ofentsiba batean, faxisten lerroa gainditu eta erail zituztela uste da”.
Elkarteko kideek nabarmendu dutenez, hobiraketa horiek
berezitasuna dute, izan ere, ez omen da ohikoa lubakian gorpuak hobiratzea. “Zelaietaburuko erresistentzia gunea berreskuratzeko egindako lanek
emaitza ugari eman dituzte. Testigantzek eta dokumentu ezberdinek aipatzen dutena jasota, gudari eta milizianoek 1936ko irailaren azken egunetan muino horretatik ere faxistei aurre egin zietela uler daiteke”, azaldu dute Ahaztuen Oroimena elkartekoek.
Gertaera guzti horiek jaso eta osatu ondoren, Zelaietaburuko
erresistentzia gunea berreskuratu eta memoria gunera igarotzea garrantzitsutzat jo zuen elkarteak. “Orain, azken pauso honegaz, Zelaietaburuko ibilbidea biribilduko dugu datorren domekan”.
Erakusketa. Zelaietaburuko berreskuraketan egindako lan guztia –garbiketa eta deshobiraketa– ikusgai jarriko du gainera, Ahaztuen Oroimenak, domekan bertan
Etxebarriko udaletxean zabalduko duen erakusketan. “100dik gora argazki egongo dira ikusgai dozena bat paneletan banatuta”, zehaztu dute.
Erakusketa zabalik egongo da
apirilaren 2a arte astean zehar 9:00etatik 14:00etara eta asteburuetan 16:30etatik 18:30etara.