Egueneko [otsailak 23] ohiko osoko bilkuran onartu ziren aurtengo aurrekontuak, eta ez ziren aho batez onartu. Izan ere, udalbatza osatzen duten
bi alderdi nagusiak ez ziren bat etorri, eta azkenean, alkatearen kalitatezko botoak izan zuen aurrekontuak onartu edo ez erabakitzeko erantzukizuna. Hain zuzen ere, EAJren sei zinegotziak aurrekontuen alde agertu ziren, eta
EH Bilduren sei zinegotziak, berriz, aurka. Berdeak Independenteak taldeko zinegotzi bakarra abstenitu egin zen, eta bi talde nagusien artean berdinketa eman ostean, bigarren bozketa bat egin behar izan zen.
Horrenbestez,
6.051.705 euroko aurrekontua onartuta geratu zen eguenean. Datuak kontuan hartuta, iaz baino %0,67 txikiagoa da aurtengo aurrekontua –41.116,9 euro gutxiago–.
Udalak daukan
zorra ere nabarmen jaitsi da iaztik hona, %49,91etik %37,19era. Udalak igorritako datuen arabera, zor bizia 2.251.074 eurokoa zen 2016ko abenduaren 31n, eta 2.824.703 eurokoa, urtebete lehenago. “Ditugun aurreikuspenen arabera, zor bizia %28,56ra jaitsita nahiko genuke bukatu urtea. Hau da, 1.728.747 euroko zor biziarekin”, azaldu du Jose Angel Lizardi alkateak. Zorraren finantzatze zamari dagokionez, bestalde, 577.500 eurokoa izan da. Hortik 525.500 euro amortizazio gastuak izan dira, eta 52.000 euro, interesak.
Mutrikuko Egañaneko frontoia
Jaurlaritza eta Espainiako Gobernua kupoa negoziatzen ari dira, eta diru bilketa espero baino txikiagoa izan litekeenez,
170.000 euro gordeta eduki beharko ditu udalak, kopuru hori aldundiari bueltatzea tokatzen baldin bada ere. “Horrek ere, zoritxarrez, mugatu egingo ditu egin beharreko hainbat inbertsio, eta beste zenbait atzeratu ere egin ditzake”.
Aurten, estreinako, partida berri bat sortu da errenta baxua kobraten duten herritarrentzako eta etxebizitza errentan daukaten gazteentzako
Alkateak azaldu duenez, bestalde, aurtengo
inbertsiorik handienak 2016ko aurrekontuen soberakinetatik egingo dira. “Oraindik ez dugu 2016ko ekitaldia itxi, eta ez dakigu zehatz zenbateko soberakina izango dugun”. Eta gerakin horiekin, oro har, Egañaneko frontoia berritu nahiko luketela azaldu du. “Aldundiak ematen dituen diru laguntzetara aurkeztuko gara. Diru laguntza posible horiekin eta nahikoa gerakin baldin badugu, Egañaneko frontoian zerbait egin dezakegu. Bestelakoan, aurreikusitako beste lan batzuetara bideratuko dugu diru hori”.
Sailei dagokienez, ongizate sailean hainbat inbertsio egingo dira. Aurten, esate baterako, partida berri bat sortu da errenta baxua kobratzen duten herritarrentzako eta etxebizitza errentan daukaten gazteentzako. 20.000 euro bideratuko dira laguntza horietara. Era berean, etxez etxeko zerbitzua indartu egingo dute 2017an. Eta horretarako, iaz baino 19.000 euro gehiago inbertituko dira; guztira, 160.000 euro. “Herritarren aldetik zerbitzu horren beharra gero eta handiagoa da. Eskaera kopurua gora doan neurrian, inbertsioa ere gehitzea erabaki dugu, herritar horiei guztiei ahalik –eta ondoen erantzun ahal izateko”.
Mutrikun iaz Martxoaren 8aren bueltan egindako ekintza bat
Hirugarren munduko herrialdeak laguntzera bideratzen den diru partida, bestalde, bikoiztu egin dute; 8.000 euro bideratuko dira aurten. 80 urtetik gorako herritarrak zer egoeratan bizi diren, eta euren beharrak ezagutzeko diagnosi bat egingo da. Horretarako, 12.000 euro bideratuko dira.
Kultur ekintzak eta herriko jaiak indartzeko iaz baino 5.000 euro gehiago inbertituko dira
Azkenik, Berdintasunera bideratzen den partida ere nabarmen igo da, 8.550 eurotik 15.000ra. “Azaroaren 25ean egindako osoko bilkuran aho batez onartutako mozioan, besteak beste, diru partida hori handitzea onartu zen”.
Kultura sailera bideratzen den diru partidak ere gorakada izango du aurten. Kultur ekintzak eta herriko jaiak indartzeko iaz baino 5.000 euro gehiago bideratuko dira; 53.600 euro, guztira.
Inbertsio errealetara 241.650 euro bideratuko dira. 40.000 euro inbertituko dira, esaterako, irisgarritasuna hobetzen. Udal artxibo historikoa ia guztiz digitalizatuta baldin badago ere, digitalizatzeke dagoen zatirako 5.000 euro bideratuko dira. Iaz egin modura, gainera, aurten ere energia eraginkorren inbertsioetara partida berezi bat bideratuko da. Hau da, komeni den lekuetan kaleko argiteria aldatu egingo da, kontsumo gutxiko led sistemagatik. Horretarako, 30.000 euro zuzenduko dira.
Osoko bilkurak, zuzenean. 20.000 euro inbertituko dira lur publikoak bereganatzeko. “Iaz 10.000 euro bideratu ziren lur publikoa erosteko, baina azkenean ez zenez lurrik erosi, partida hori beste horrenbesterekin indartzea erabaki dugu. Guztira 20.000 euro inbertituko dira: aurtengo 10.000 euro eta iazko gerakineko beste 10.000”.
Beste alde batetik, osoko bilkurak zuzenean eman nahi dira hemendik aurrera,
streaming bidez, eta dagokion tresneria erosteko 5.000 euro inbertituko dira. Herri galdeketak egiteko, berriz, 10.000 euro bideratuko dira.
[HONEKIN LOTUTA] Aurrekontuan “hutsune handiak” daudela dio Mutrikuko EH Bilduk