Badator 2017ko Lilatoi lasterketa. Domekan [martxoak 5] 10:30etan Bulebarretik aterako dira izena eman duten
5.758 emakumeak; iaz baino 700 emakume gehiagok hartuko dute parte lasterketan.
Korrikalarien poltsak martxoaren 3an eta 4an jaso behar dira Donostiako Emakumeen Etxean. Goizean, 11:00etatik 14:00etara egongo dira, eta arratsaldean, 16:00etatik 20:00etara.
Domekan, berriz, goizean goizetik hasiko da mugimendua hiriko kaleetan. 09:00tatik 12:00etara egongo da zabalik kontsigna. 09:45tan Verdini dantza taldeak ikuskizuna eskainiko du. Aurten izena ematearekin batera euro bat eman zitekeen dantza taldearen alde, eta guztira 2.059 euro jaso dituztela azaldu dute antolatzaileek.
Herritarrak, iazko Lilatoian parte hartzen. Argazkia: Irutxuloko HITZA
Bestalde, gerria eta hankak mugitu nahi dituztenentzat 10:00etan Aero-Zoomba egongo da 10:00etan Bulebarrean.
Lasterketa
10:30etan aterako da Bulebarretik eta parte hartzaileek 5 kilometroko ibilbidea egin beharko dute. Lasterketa bukatzean, indarra duenak, batukadaren erritmora dantzan egiteko aukera izango du. Ondoren, dutxa bat hartzeko aukera egongo da Kontxako hondartzako kabinetan (Londres Hotelaren parean).
Sariak. Maila bakoitzeko lehen hirurak izango dira sarituak. 14 eta 25 urte arteko lehen hirurak; 26 eta 45 urte arteko lehen hirurak; 46 eta 59 arteko lehen hirurak; eta 60 urtetik gorako lehen hirurak.
Bestalde 2.817. postan iristen denaren denbora asmatzen duenak 200 euroko opari-txartel bat jasoko du.
HITZA taldea. 74 emakume aterako dira Lilatoian Hitza taldearekin. Talde hori, hain justu, elkartalean osatu dute HITZA ezberdinek (Oarso Bidasoko Hitza, Lea-Artibai eta Mutrikuko HITZA, Goierriko HITZA, Urola Kostako HITZA, Busturialdeko Hitza eta Irutxuloko HITZA) elkarlanean sortu dugun taldea da.
Gurekin bat egin dutenek, gure
elastikoa jasoko dute opari gisa. Lasterketa hasi aurretik bat egingo dute HITZA taldeko kideek, Bulebarrean, elkarrekin egoteko.