Maiatzaren 7ko galdera zehaztuko dute Mutrikun
Mutrikuko Gure Esku Dago herri dinamikak batzar irekiak egingo ditu datozen egunotan, maiatzaren 7an egingo den galdera zehazteko. Batzarrak bihar [martxoak 2] eta zapatuan [martxoak 4] egingo dira Luardon, 19:00etan. “Maiatzaren 7an egingo den galdeketan zer galdetu erabaki behar dugu bilera horietan. Aldez aurretik, hainbat galdera posible zituen galdeketa egin genuen herritarren artean. Etxez etxe banatu zen dokumentua, eta hortik boto gehien jaso zituzten galderen artean bat erabakiko dugu”.
Herri dinamikako ordezkariek adierazi dutenez, gauza bera egingo da bi batzarretan. “Ez dugu inor parte hartzeko aukerarik gabe utzi nahi. Horrenbestez, batzar batera etortzeko aukerarik ez dutenei beste aukera bat ematea erabaki dugu”. Galdera zehazteaz gain, beste hainbat kontzeptu ere eztabaidatuko dituzte batzarrean. Honakoak, esaterako: Euskal Herria, Estatua, Independentzia, Burujabetasuna… Batzarrak, gainera, boluntario bila hasteko aprobetxatuko dituzte.
Bideoklip grabaketa. Lea-Artibain ere galdera zehazten hastera doaz, eta horrekin lotuta, hainbat ekimen antolatu dituzte etzirako. Markina-Xemeinen, esaterako, eskualdeko abestiaren bideoklipean erabiltzeko bideo grabaketa egingo dute, 16:30ean, Boluko zubian. 17:30ean, berriz, galdera adosteko kafe tertulia egingo da Uhagon kulturgunean. “Markina-Xemeingo galdera adostuko dugu, eta berau eramango dugu Lea-Artibaiko taldera, bertan galdeketa egingo dugun 11 herriok galdera adosteko”.
Etxebarrian, berriz, Zubien bideokliparen grabaketa egingo dute 16:30etik 18:30era, eta amaieran, tortilla pintxo dastaketa egongo da. “Grabaketa Lausagarretan hasi eta Irubiden amaituko da”.