Arrolape mendi taldeko korrikalari markina-xemeindarrak
13:41:34 markagaz amaitu zuen Bilbo eta Gasteiz artean egindako 110 kilometroko lasterketa. Arkaitz Galindezek nabarmendu duenez, oso pozik eta gustura dago Basque Ultra Trail series zirkuituko lehen proban lortutako emaitza onagaz. “Nire asmoa lehen hamarren artean amaitu, eta lasterketa on bat eginda, 13 ordu bueltan amaitzea zen. Baina desnibel positiboa hasieran aurreikusitakoa baino gehiagokoa izan zenez, denbora gehiago behar izan zuen proba amaitzeko”.
Desnibel gehiago egotea ere nabarmen igarri zela adierazi du markina-xemeindarrak. “Batez ere, lasterketaren lehenengo zatian igarri zen, Murgiara arte”. Probari dagokionez, lehen hamarren artean hasi zuen lasterketa Galindezek. 20. kilometrora arte 8. postuan joan zen, eta handik aurrera, postuak aurreratzen joan zen pixkanaka. “25. kilometroan 4. ipini nintzen, eta bukaera arte horri eustea lortu nuen”. Denboraldia horrelako emaitza onagaz hastea izugarria izan dela azpimarratu du. “Aurrera begira motibazio handia da”.
Arkaitz Galindez helmugan sartzen. Argazkia: Arkaitz Saiz
Proban, oro har, ondo sentitu zela dio, baina
azken kilometroetan nekea igarri zuela adierazi du. “Gorabehera askorik ez nuen eduki. Probaren zati handi bat gabaz izan zen, eta ordu asko ziren ilunetan. Oso kontzentratuta joan behar zara, eta ibilbidea ere oso teknikoa izan zen. Azkenean, luze egiten da. Ganaltotik Langraitzera indarrik barik sentitu nintzen, baina laugarren postuari eutsi nion. Batez ere, korrika egiteko zatia zen, eta hor indar aldetik ondo ailegatzen bazinen, aurkariei tartea kentzeko aukera ona zen”.
Basque Ultra Trail series zirkuitua lau probak osatzen dute, eta korrikalari markina-xemeindarrak aurreratu duenez,
zirkuituko lasterketa guztiak egiteko asmoa dauka. “Nire helburu nagusia euskal zirkuitu guztia egitea da. Euskal zirkuituaz gain, nazioarteko pare bat ultra lasterketetan ere parte hartzeko asmoa dut. Hiru handiak eta Chamonix-ko (Frantzia) Ultra Trail Mont Blanc mendi lasterketako batean ere parte hartuko dut, esaterako”.
Lea-Artibai eta Mutrikuko korrikalariak ere bai. Proba hasi zuten 148 lagunetatik 121k bakarrik amaitu zuten proba, eta horien artean Lea-Artibai eta Mutrikuko hainbat korrikalari egon ziren. Aitor Mendizabal mutrikuarrak 30. postuan (17:08:43) amaitu zuen eta IƱaki Agirrezabala mutrikuarrak, berriz, 55. postuan (19:59:46). Iban Bedialauneta eta Nerea Ituarde, bestalde, batera helmugaratu ziren, 104. eta 105. postuetan, hurrenez hurren. 24:24:12 behar izan zuten proba amaitzeko.