Isuntza eta Ondarroa, Bizkaiko Batel Ligaren laugarren jardunaldirako prest
Bizkaiko Batelen Ligako laugarren jardunaldia jokatuko dute zapatuan [martxoak 4] Sestaoko Benedikta eremuan, 15:00etatik aurrera. Bizkaiko hamabi arraun taldeetako 97 batelek parte hartuko dute.
Isuntza Arraun Elkarteko zazpi batelek hartuko dute parte batel jardunaldian: bi alebin neskenak, hiru infantil mutilenak, eta mutilen alebin eta kadete mailetako bana. Orain arteko emaitzekin oso pozik agertu dire Isuntza Arraun Taldekoak, eta bihar ere paper on bat egiten saiatuko direla azaldu dute: “Oso gustora gaude gazteekin, eta gogoagaz eta ilusioagaz goaz oingo astean ere”.
Ondarroatik, guztira zortzi batel joango dira: promozio mistoko, mutilen kadeteko, nesken kadeteko, eta mutilen gazte mailako bana, eta nesken absoluto eta promozio mailetako bina batel.
Gipuzkoako liga. Bestalde, Gipuzkoako arraun taldeek Pasaian dute hitzordua domekan. 11:30ean hasiko dira bogan, eta mutrikutik talde bakarra uretaratuko da, mutilen senior mailakoa. Gipuzkoako ligan zazpigarren jardunaldia da asteburukoa.