Preso ondarrutarraren senideek jakitera eman dutenez, Iparragirre
atzo [martxoak 1] atera zuten Alcala Mecoko espetxetik (Madrid, Espainia).
Azaldu dutenez, Iparragirreren aitaren osasun egoera “oso kritikoa” da, eta presoak berak
Euskal Herrira etortzeko baimena eskatu zuen aurreko astean. Hori dela eta, Euskal Herrira (Basauriko edo Zaballako espetxera) bidean egon daitekeela uste dute senideek. “Dakigunaren arabera, atzo arratsaldean [martxoak 1] auto txiki batean atera zuten kartzelatik, baina ez dakigu beste ezer. Gure susmoen arabera, bidean dator, baina ez daukagu inolako ziurtasunik”, azaldu du Gotzon Iparragirre Ibonen anaiak.
Espetxe aldaketaren berri, hain zuzen ere, beste preso baten senideak eman zion atzo Iparragirreren familiari. “Atzo beste preso baten senideak deitu zion amari, eta berak esan zion Ibon kartzelatik atera zutela”.
Familiak nabarmendu duenez, une hauetan
“zuhurtzia” beharrezkoa da. “Ez dakigu orain momentuan non dagoen anaia. Egia esan, lekualdeketa ez dakigu zenbat egunetan egingo dute. Beharbada ailegatu da, eta ezin izan digu deitu. Eta guk pentsatu arren Euskal Herrirantz dakartela, beste nonbaitera ere eraman dezakate. Izan ere, aurretik ere antzeko hainbat gauza ere gertatu zaizkio. Horrenbestez, bere dei bat jaso arte ez dugu ezer garbirik jakingo”.
Ibon Iparragirreren aldeko manifestazio bat Ondarroan
Gutun bilketa. Iparra Galdu Baik plataformak jakitera eman duenez, bestalde,
Berandu baino lehen, Ibon etxera! kanpainaren barruan egiten ari diren gutun bidalketa masiboak martxa onean jarraitzen du. Aurreratu dutenez,
420 bat gutun jaso dituzte, eta bidalketa egiten ere hasi dira. Otsailaren 26an bidali zituzten lehen gutunak, eta dagoeneko, 370 bat gutun Espainiako Auzitegi Nazionaleko espetxe zaintzarako Jose Luis de Castro Antonio epaileari bidalita daude. Bidaltzeke daudenak, berriz, datozen egunetan bidaltzen jarraituko dutela azaldu dute. “Egunero 40 bat gutun bidaltzen ditugu”.
Kanpaina martxoaren 13an amaitzen da, eta
asteburuan ere atxikipenak batzen jarraituko dutela azpimarratu dute. Zapatuan [martxoak 4] 10:30etik 14:30era bitartean Alde Zaharrean eta Alamedan jarriko dituzte mahaiak, eta domekan [martxoak 5] ere leku beretan egongo dira, 11:30etik 14:30era.
Plataformak gaineratu duenez, bestalde, Iparragirreri babesa helarazteko nahiagaz postal bidalketa ere egiten hasi dira.
OHARRA: Informazio gehiago jakin ahala, albistea eguneratzen joango gara.