Asteburuan jokatuko diren pilotako final garrantzitsu bietan egongo da Leire Etxaniz etxebarritarra: Bihar [martxoak 3] jokatuko den
Elite mailako Euskal Herriko gomazko paletako finalean eta domekan [martxoak 5] jokatuko den
Emakume Master Cupean.
Etxebarriko pilotaria umetan eskuz ibilitakoa da, eta nerabezarotik aurrera palan aritutakoa, oso maila altuan gainera. Horrela, final bietarako pasea eskuratu du.
Nagore Martin arabarragaz batera, gomazko paletako Elitea eskuratzen saiatuko da Leire Etxaniz,
Mallabiko kantxan,
19:30ean hasita jokatuko den bigarren partidan. Sailkapen ligaxkako hiru partidetan nagusi izan ziren, eta finalerdian, Irazustabarrena eta Ruiz de Larramendi utzi zituzten kanpoan.
Martinen eta Etxanizen aurkariak Olatz Arrizabalaga eta Maider Mendizabal izango dira. Oso bikote indartsua osatzen dute, aurreko kanporaketan Murillo eta Arrieta menderatu zituzten 25-13ko emaitzaz.
Leire Etxaniz Etxebarriko frontoian.
Azken momentuan. Domeka eguerdian [martxoak 5] jokatuko dira aurtengo
Emakume Master Cuparen finalak,
Zornotzan,
12:00etan. Elite mailan, Leire Etxanizek Olatz Arrizabalaga aurrelari duela, Nagore Arozena eta Maider Mendizabal gipuzkoarrekin neurtuko ditu indarrak.
Palako txapelketa bat amaitu eta hurrengoa hasteko zegoela animatu zuten Leire Etxaniz Emakume Master Cupen jokatzera. Hasiera batean ez parte hartzea pentsatu zuen, baina, azkenean, izena ematera animatu zen. «Ez naiz bat ere damutzen, finalera helduta gutxiago oraindik», dio.
Markina-Xemeingo Esku Pilota Taldean hasi zen Etxaniz, esku pilotan jokatzen, baina, emakume gehienei gertatu zaien modura, adin batetara heltzean, utzi egin behar izan zuen pilota.
Futbolari ekin zion ondoren, eta futbola utzita, orain dela bost urte hasi zen palan. Pala txapelketetan parte hartu izan du, ostera, heldua denetik esku pilota txapelketa batean jokatzen duen estreineko aldia izan du aurtengoa, eta «aukera aprobetxatu» nahi izan duela azpimarratu du.
Partida gogorrak. Antolatzaileek espero baino pilotari gehiagok eman du izena Emakume Master Cupean, 80k guztira. «Emakumeentzako ondo etorriko da. Kanpotik ere etorri dira parte hartzaileak, eta datorren urtera begira ere agian jende gehiago bultzatuko du parte hartzera», dio Etxebarriko pilotariak.
Hala ere,
Bizkaiko pilotari gutxi egon direla uste du. «Lehen mailan
Iratxe Ibarra markina-xemeindarra eta Eliten
Patri Espinar Usansolokoa,
Olatz Arrizabalaga Gautegiz Arteagakoa eta ni».
Emakumeak pilotan jolasten ikustea ez dela ohikoa ere badio Etxanizek. «Eta horrelako txapelketek emakumeek ere pilotan jokatzen dakigula erakusteko balio dute».
Jokatuko dituzten partida biak, bai palakoa zein eskuzkoa, onak ateratzea dela helburua esan du Etxebarrikoak. «Denok gure maila ematen badugu, partida gogorrak izango dira, eta gogorrak izateagaz gain, ikusleentzako politak izatea gustatuko litzaidake».
Palaz zein eskuz entrenatzen ibili da aste honetan, eta lasai egonez gero, «maila ona» ematea espero du.