Nahia Arrasate Landa gazteari agurra egingo diote Mutrikun
Joan zen astean zendu zen gazte mutrikuarra agurtuko dute zapatuan [martxoak 4], 17:00etan, kantina parean. Mutrikuko hainbat herritarrek eta taldek antolatuta egingo da agur ekitaldia. «Dantza taldeak zer edo zer berezia antolatu nahi izan du bera gogoan hartuta. Nahia eta bere familia oso ezagunak dira, eta ezagun guzti horiek batze aldera, zapatua iruditu zaigu horretarako egunik aproposena. Kanpotik ere jende asko etorri daiteke», azaldu dute Arrasateren familiaren hurreko kideek.
Gure Ametsa dantza taldeaz gain, herriko beste hainbat taldek ere parte hartuko dute bertan. «Nahiaren senideek eta lagunek, senideen lagunek, bertso eskolako kideek eta Txantxangorrikoek ere parte hartuko dute ekitaldi hunkigarrian».
Gaztearen familiaren hurrekoek azpimarratu dutenez, bestalde, «ekitaldi zabala» izango da. «Ez da zerbait itxia izango. Nahi duena parte hartzera gonbidatuta dago». Gaineratu dutenez, eguraldi ona edo txarra egin, kantina parean egingo dute ekitaldia.