Arrizabalaga eta Etxaniz bikote eta aurkari izango dira, asteburuan
Gautegiz Arteagako eta Etxebarriko pilotariek Euskal Herriko gomazko paletako eta Emakume Master Cupeko finalak lehiatuko dituzte gaur eta etziAsteburuan jokatuko diren pilotako final garrantzitsu bietan egongo dira Etxebarriko Leire Etxaniz eta Gauteg...
Gautegiz Arteagako eta Etxebarriko pilotariek Euskal Herriko gomazko paletako eta Emakume Master Cupeko finalak lehiatuko dituzte gaur eta etzi
Asteburuan jokatuko diren pilotako final garrantzitsu bietan egongo dira Etxebarriko Leire Etxaniz eta Gautegiz Arteagako Olatz Arrizabalaga. Gaur jokatuko den Elite mailako Euskal Herriko gomazko paletaren finalean aurrez aurre aurkituko dira lehenengo, eta domekan jokatuko den Emakume Master Cup-ean, ostera, bikote izango dira.Etxebarriko eta Gautegiz-Arteagako pilotariak umetan eskuz asko ibilitakoak dira, eta nerabezarotik aurrera palan aritutakoak, oso maila altuan, gainera. Horrela, final bietarako txartela eskuratu dute.
Nagore Martin arabarragaz batera, gomazko paletako Elitea eskuratzen saiatuko da Leire Etxaniz, gaur, Mallabiako kantxan, 19:00etan jokatuko den bigarren partidan. Sailkapen ligaxkako hiru partidetan nagusi izan ziren, eta finalerdian, Irazustabarrena eta Ruiz de Larramendi utzi zituzten kanpoan.
Martinen eta Etxanizen aurkariak Olatz Arrizabalaga eta Maider Mendizabal izango dira. Oso bikote indartsua osatzen dute, aurreko kanporaketan Murillo eta Arrieta menderatu zituzten, 25-13ko emaitzagaz.
Gorriz
Domeka eguerdian jokatuko dira aurtengo Emakumeen Master Cupen finalak, Zornotzan, 12:00etan. Elite mailan, Olatz Arrizabalagak eta Leire Etxanizek gorriz jantzita, Nagore Arozena eta Maider Mendizabal gipuzkoarrekin neurtuko dituzte indarrak.
Gautegiz Arteagako aurrelaria, 19 urtegaz, Elite mailako finalisten arteko gazteena da. Elite mailako finalean bi estiloren arteko norgehiagoka espero dela adierazi zuen, eguaztenean, Bilboko Euskalduna Jauregian egin den finalaren aurkezpenean. «Guk, agian, indar gehiago dugu, eta tematiak gara, baina haiek denbora gehiago daramate jokatzen. Teknikoki, hobeak dira».
Final zabala aurreikusten du, beraz, Arrizabalagak. «Gipuzkoarrek diote faboritoak garela, ea zelan ateratzen den, jokatu egin behar da lehenengo».
Finalistek esan zutenez, zaila da eskuz jokatzea urtean behin bakarrik jokatuta. Eskuak bigundu egiten dira, trebezia galtzen da… «Urtean pala txapelketa asko daude, eta niretzat pala da lehenbizi, baina tarteka eskuzkoak ere joka daitezke».
Telebistan ikustera ere ez daudela ohituta esan zuen Gautegiz Arteagako pilotariak, ez eta frontoiak beteta ikustera ere, baina argi dauka kirola telebistan agertzeak eragina duela. «Domekan neskek telebistaz ikus dezakete finala, eta pilotan hasteko edo jarraitzeko motibazioa izan daiteke hori».
Palako txapelketa bat amaitu eta hurrengoa hasteko zegoela animatu zuten Leire Etxaniz Emakume Master Cupean jokatzera. Hasiera batean ez parte hartzea pentsatu zuen, baina, azkenean, izena ematera animatu zen. «Ez naiz bat ere damutzen, finalera helduta gutxiago oraindik», dio.
Markina-Xemeingo Esku Pilota Taldean hasi zen Etxaniz, esku pilotan jokatzen, baina, emakume gehienei gertatu zaien modura, adin batetara heltzean, utzi egin behar izan zuen pilota.
Futbolari ekin zion ondoren, eta futbola utzita, orain dela bost urte hasi zen palan. Pala txapelketetan parte hartu izan du, ostera, heldua denetik esku pilota txapelketa batean jokatzen duen estreineko aldia izan du aurtengoa, eta «aukera aprobetxatu» nahi izan duela azpimarratu du.
Partida gogorrak
Antolatzaileek espero baino pilotari gehiagok eman du izena Emakume Master Cupean, 80k guztira. «Emakumeentzako ondo etorriko da. Kanpotik ere etorri dira parte hartzaileak, eta datorren urtera begira ere agian jende gehiago bultzatuko du parte hartzera», dio Etxebarriko pilotariak.
Hala ere, Bizkaiko pilotari gutxi egon direla uste du. «Lehen mailan Iratxe Ibarra markina-xemeindarra eta Eliten Patri Espinar Usansolokoa, Olatz Arrizabalaga eta biok».
Emakumeak pilotan jolasten ikustea ez dela ohikoa dio Etxanizek. «Eta horrelako txapelketek emakumeek ere pilotan jokatzen dugula erakusteko balio dute».
Jokatuko dituzten partida biak, bai palakoa zein eskuzkoa, onak ateratzea dela helburua esan du Etxebarrikoak. «Denok gure maila ematen badugu, partida gogorrak izango dira, eta gogorrak izateagaz gain, ikusleeentzako politak izatea gustatuko litzaidake».
Palaz zein eskuz entrenatzen ibili da aste honetan, eta lasai egonez gero, «maila ona» ematea espero du.