Ibon Iparragirre Ondarroara ekarriko dute gaur, aita ikustera
Senideek aurreratu dutenez, Iparragirre gaur goizean [martxoak 3] Ondarroako Artibai zaharren egoitzara ekarriko dute; bertan dago presoaren aita. Hain zuzen ere, senideek jakitera eman dute Iparragirreren aitaren osasun egoera “oso kritikoa” dela. Eta ondorioz, presoak berak Euskal Herrira etortzeko baimena eskatu zuen aurreko astean. ”
Presoaren senideek Artibai zaharren egoitzaren ingurura gerturatzeko deia egin diete herritarrei. “Ez dakigu noiz ekarriko duten, baina Ertzaintza egoitzaren inguruan dabil. Uste dugu laster ekarriko dutela”.
Preso ondarrutarraren senideek HITZAri atzo jakin eragin ziotenez, Iparragirre herenegun [martxoak 1] atera zuten Alcala Mecoko espetxetik (Madrid, Espainia). Eta hasiera baten uste zuten egindako eskaria onartu ahal izan ziotela eta Euskal Herrira (Basauriko edo Zaballako espetxera) bidean egon zitekeela.
Espetxe aldaketaren berri, hain zuzen ere, beste preso baten senideak eman zion atzo Iparragirreren familiari. “Herenegun beste preso baten senideak deitu zion amari, eta berak esan zion Ibon kartzelatik atera zutela”.