Sinadurak lortuta, hurrengo urratsa ematen hasi ziren atzo [martxoak 4] Markina-Xemeinen, Ondarroan eta Aulestin. Lea-Artibai osatzen duten 11 herrietan
ze galdera egingo den erabakitzen egon ziren herritarrak,
kafe tertuliatan batuta,
Aulestin eta
Markina-Xemeinen. 17 aulestiar batu ziren kafe tertulian, eta talde motorrari ze galdera aurkeztuko dioten erabaki zuten. Uhagon kulturgunea izan zuten bilgune, arratsaldean, markina-xemeindarrek.
Ondarroan, berriz, eskuorriak banatu zituzten galdera aukera ezberdinekin, herritarrek nahi zutena aukeratu ahal izateko. Horiek gero, herrian zehar ipini dira ontzietan jasoko dira.
Era berean, eguenean (hilak 9), hitzaldi parte hartzailea egingo dute Guzur Etxean, 18:30ean. Mario Zubiaga EHUren politika eta administrazio adituak bertaratzen direnei galderaren inguruko gorabeheren berri emango die, besteak beste. “Azalpen teorikoa emango du Zubiagak, eta gero, taldetan banatuta, zein izan daitekeen galderarik inklusiboena aukeratzen saiatuko gara”.
Domeka eguerdian (hilak 12), berriz, Alamedan egingo dute ekitaldian aurrerantzean eman nahi diren pausoen berri emango dute. Ordurako Ondarroako galderak zehaztuta egon behar duela jakitera eman dute.
Aulestiarrak kafe tertulian batuta galdera adosten. Argazkia: Aulestiko GED
Maiatzaren 7ari begira,
galdera bakarra adostu behar da Lea-Artibain, eta horretarako martxoaren 28a baino lehen herri bakoitzak bere galdera proposamena egin beharko dio Lea Artibai GED elkarteari adostu eta erabaki dezan. Atzo hasi zuten prozesua Markina-Xemeinen, Ondarroan eta Aulestin, eta bide bera jarraituko dute hurrengo asteetan beste herri guztietan.
Markina-xemeindarrak galdera erabakitzen. Argazkia: Markina-Xemeingo GED
Bestalde, eskualdeko bideokilparen grabaketagaz ere hasi dira herriz herri. Zubiak ekimenaren grabaketa egin zuten atzo [martxoak 4]
Etxebarrian eta Markina-Xemeinen, eta berbera egin dute gaur [martxoak 5] Aulestin.
Zubirik zubi. 165 lagunetik gora batu dira Aulestin eskualdeko bideokliparen grabaketa eta argazki erraldoia ateratzeko. Hasteko, eskola umeek, Eskuetan abestiagaz dantzan egin dute. Ostean, Jabi Onaindiak Bizkaia Irratiko zuzendari eta esatariak adierazpena irakurri du, eta gero, herritar danen parte hartzeagaz, giza katea eta oihal katea egin dira. Gazteek agurra dantzatu eta argazki erraldoia atara dute aulestiarrek. Amaitzeko pintxo jana eduki dute.
Herriko sei zubitan elkartu ziren, berriz, Etxebarrikoak eskualdeko eta herriko bideoak prestatzeko, eta bakoitzean gai ezberdinak jorratu zituzten: Lausagarretakoa zubian, baserria; Ibaungo zubian, eskulanak; Okokiko zubian, kirolak; Basaibarko zubian, kantua, trikitixa eta dantza; Antxiko zubian, haurrak eta jolasak eta Irubideko zubian, aurreko zubi guztietakoak elkartu ondoren, botazioa gauzatzea. Jende ugari inguratu zen zubi desberdinetara eta patata tortila dastatuz amaitu zuten grabazioa.
Apirilaren 8an dauka aurreikusita Lea-Artibaiko GEDk eskualdeko bideo klipa ezagutzera ematea.