Olatz Arrizabalagagaz batera, Elite mailako txapela jantzi du gaur eguerdian [martxoak 5] Leire Etxaniz Bengoa Etxebarriko pilotariak. Bigarren garaipena izan du gaurkoa [martxoak 5]. Izan ere, Mallabian jokatu zen
gomazko paletako Euskal Herriko Elite Txapelketan ere gailendu zen barikuan [martxoak 3].
Arrizabalaga eta Etxaniz sariak hartzen podio gainean. Argazkia: Emakume Master Cup
Nagore Arozena eta Maider Mendizabal gipuzkoarrei 22-14 irabazi diete Arrizabalagak eta Etxanizek Zornotzako pilotalekuan jokatu den Emakume Master Cuparen finala. Berdinduta ibili dira bikoteak hasieran, lehen zati parekatu eta gogorra jokatu dute, baina lehiaren erditik aurrera indarra galtzen joan dira gipuzkoarrak, eta bizkaitarrek aurrera egin dute markagailuan txapela bere eginez.
Bete egin da Zornotzako pilotalekua, kirol-giroaz ez ezik jai-giro apartagaz gozatzeko gogoa erakutsi du publikoak. Ikusleen artean zortzi finalisten lagun eta senideekin batera, txapelketan parte hartu duten hainbat pilotari, eta pilotazale egon dira.
Pala. Mallabian jokatu zuen pala txapleketan ere
maila handia erakutsi zuen Etxanizek. Nagore Martinegaz batera bikote sendoa osatu zuten, eta ez zieten aukerarik eman Arrizabalagari eta Mendizabali. 25-14ko emaitzagaz menderatu zituzten.
Nesken gomazko paletako Elite eta Irekiko finaletako sarituak. Argazkia: Euskadiko Pilota Federakuntza
Gorriek (Martin eta Etxaniz) berehala bideratu zuten norgehiagoka. 1-3 galtzen joan ostean, bederatzi tantoko takada sinatu eta konfidantza hartu zuten. Urdinek ez zuten zorte handirik izan, eta pilota batzuk goiko eta beheko txapara bidali zituzten. Hala eta guztiz ere, 12-7kora hurbildu ziren. Bere aurkariek, ordea, laster zabaldu zuten berriro aldea markagailuan; Etxanizek segurtasun handia erakutsiz, eta Martin defensa lanetan bikain arituz eta pilotakada ederrak emanez, garaipena erdietsi zuten.