Kontu batzuk esanaz, euren artean aztarna handia utzitako lagun bateri esker ona adierazi nahi izan diote gaur [martxoak 5] arratsaldean Lea Ibarreko bizilagunek. Horretarako, Gizaburuagako udal aretoan batu dira, kontuak esan, gogoratu, eta batez ere, Xabier Amurizari bihotz bihotzez estimatzen dutela eta maite dutela esateko.
Etxekoak, beragaz kartzelan egondako lagunak, seminarioko ikaskideak eta Lea Ibarrako lagun asko batu dira solasaldira. Ez diote beti betiko omenaldi bat egin nahi izan. Beraz, ez da oholtzarik ez eta formalismorik egon, bai ordea bizipenek ekarritako oroitzapen, umore eta momentu hunkigarri asko.
Gizaburuagara abade etorri zeneko garaia, seminarioko sasoia, kartzelan egon zenekoa, bertsolaritzari egin dion ekarpena… hainbat eta hainbat oroitzapen eta kontu azaleratu dituzte bost mahaietan jarrita egon diren adiskide, ikaskide eta garai ezberdinetan beragaz hartu emana izan zutenek, pasadizoekin lagunduta. Mahai batean jarrita egon dira esate baterako, 1969ko maiatzaren 30ean, Amurizagaz batera Bilboko Gotzaindegian itxialdia eta gose greba egin eta frankismoko Elizari aurre egitea egotzita Zamorako kartzela berezian sartu zituzten Josu Naberan, Julen Kalzada eta Alberto Gabikagogeaskoa.
Xabier Amuriza eta Maribi Ugarteburu gaur arratsaldeko ekitaldian.
Lea Ibarrako bizilagunek Amurizagaz izan zuten hartu emana ez zela eten azpimarratu dute, kartzelan eduki zutenean ere. Hainbat izan ziren amotarrek eta gizaburutarrek bidali zizkioten gutun eta argazkiak. “Haria ez zen eten eta elkartasuna ere ez. Kartzelak ez zuen lortu Lea Ibarrako gazte eta nagusiek beragaz jositako haria etetea”.
Kartzelatik irtendakoan ere lotura horrek jarraitu egin zuen eta Amuriza etxerik etxe ibili zen “bere burua erakusten”. Egun batzuk iraun behar zuen aurkezpen horrek ia bi hilabete iraun zuen, etxeetan harrera handia egiten zioten eta. “Hori izan zen kartzelatik irten ondorengo gauzarik hunkigarriena”, azpimarratu du berak.
Lea Ibarrako bizilagunei esker ona erakusteko egin zuen ekimenaren itzulera izan dela gaurkoa adierazi dute, oraingoan baina, herritarrek eskertu diote egin zuen guztia.
Gizaburuagako udal aretoa bete egin da.
Kantu bereziak. Gaurko solasaldian ez da falta izan bertso eta kanturik. Bere alaba Miren Amurizak ere eskaini dio kantaldia. Eta amaitzeko, opari modura, Aulestiko abesbatzako eta orkestrako partaide batzuk Sabin Kortabitartek konposatutako kantu berezi bat eskaini diote. “Orduan Xabier Amurizaren askatasuna ospatzeko balio zuenak, gure maitasuna eta esker ona adierazteko balio du gaur”.
Lea Ibarran bizi zituenak, bere bizitzako urterik bizienak eta garai ederrena izan zela adierazi du Xabier Amurizak: “Niretzako gauzarik pozgarrienetako bat da entzutea Gizaburuagako edo Amorotoko bateren bati lekuren batean topatzen dudanean zugaz pozik ibiltzen ginen gu eta zu etortzeko desiratzen egoten ginen”.
Txalo zaparrada luze eta sentikorragaz amaitu dute ekitaldia.
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.