Ibon Iparragirreren senideek jakitera eman dutenez, bihar [martxoak 7] 08:30ean egingo diote preso ondarrutarrari azterketa medikua. Berez, gaur [martxoak 6] zuen txanda Txagorritxuko ospitaleko 6. solairuan, baina jakitera eman dutenez, biharko [martxoak 7] aldatu diote txanda. “Gaur, berez, neurologoagaz zuen txanda, baina, azkenean ez dakigu zergaitik, txanda hori bihar izango da. Hori bai, biharko txanda ez da neurologoagaz izango da,
mediku internista bategaz baino”, azaldu du Gotzon Iparragirre anaiak.
Internistak bihar mediku
azterketa integrala egingo diola uste dute senideek. ” Egia esan, hiesa duten gaixoak mediku internistek artatzen dituzte. Eta guk dakigunez, internistek gaixoaren egoera orokorraren azterketa egiten dute”. Gaineratu dutenez, bihar egin behar dioten azterketa medikua oso garrantzitsua da. “Biharkoa garrantzitsua da, ze itxura denez, profesional berak egingo dizkio proba guztiak eta jarraipena, hasi eta amaitu arte”.
Azterketa medikua egin bitartean
Zaballako espetxean jarraitzen du preso ondarrutarrak. “Espero duguna da berriro ez lekualdatzea”.
Bestalde, gaur iluntzean eman diote azken agurra Iparragirreren aitari. “Gaurko ekitaldira ez dute ekarri. Ekarriko zuten edo ez ez genekien. Barikuan ere kasualitatez enteratu ginen
zaharren egoitzara ekarri behar zutela. Zaballako gizarte zerbitzuetako arduradunak deitu zuenean, hain justu, ama zegoen zaharren egoitzan, eta horrelantxe enteratu ginen. Baina beste inork ez zigun ezer esan zuzenean”.
[HONEGAZ LOTUTA]: