Erabakita geratu dira
martxoaren 26an Lekeitioko trinketean jokatuko diren Beteranoen Binakako Esku Pilota Txapelketako finalak. Atzo jokatu ziren azkenaurrekoen bigarren bueltako faboritoek ez zuten hutsik egin. Beraz,
Telleria eta Conde, eta
Astigarraga eta Egaña aterako dira kantxara txapelen bila.
Etxebarria-Beraza bikotea, Izarra epailea, eta Telleria-Conde bikotea. Argazkia: Beteranoen Txapelketa
Beraza eta Etxebarria elgoibartarrak 2-0 irabazten hasi baziren ere,
Telleriak eta Condek berehala piztu zituzten motorrak, eta aurrean jarri ziren bost tantoko aldeagaz, 11-6. Telleriak hartu zuen partidaren ardura, oso ondo jokatuz, eta txapelketako antolatzaileen ustez, jaun eta jabe izan zen atzokoan. “Berazak, eskuko arazoen ondorioz, ezin zuen sakeagaz min egin, eta naiz eta Etxebarriagaz ondo lagunduta egon, aurten ere 3. postuaren demarekin konformatu behar izango dute”. Condek, bestalde, bere maila mantendu zuen, eta tanto eder batzuk egin zituen sarera zuzenean pilota bialduz. Azken emaitza 30-23 mallabiarraren eta elgoibartarraren alde.
Conde-Telleria bikotea, Izarra epailea eta Astigarraga-Egan?a bikotea. Argazkia: Beteranoen Txapelketa
Astigarraga eta Egaña gailendu ziren bigarren azkenaurrekoan. 30-21 irabazi zieten
Moral eta Lakari. Irabazleak adi ibili ziren eta erraz gainditu zituzten lekeitiarra eta mendexarra. Astigarragaren eguna izan zen atzokoa. Naiz eta bost sake falta egin, aurrean nagusi izan zen, eta Moralek eta Lakak ez zuten ezelako aukerarik eduki. “Egañak txapelketako atzelaririk onena dugula erakutsi du, eta meritu handiagaz 62 urteko Iñaki Astigarragari bere lehen finala jokatzeko bidea erraztu dio”.
Jokatu diren txapelketa guztiak kontuan hartuta, finalean ez da egongo lekeitiarrik, eta txapelak Deba-Mendaro edo Mallabia-Elgoibarera joango dira. Finala
12:00etan jokatuko dela aurreratu dute antolatzaileek.
Erakustaldia. Bestalde, astero, Nafarroatik Lekeitiora txapelketa jokatzera etorri den Mikel Jaunarenari bere presentzia eskertzeko,
martxoaren 18an eta 19an,
erakustaldia egingo dute Beteranoen txapelketako parte hartzaileek Jaunarenaren herrian,
Garzaronen. “Bidaia aprobetxatuko dugu, alde batetik, bailada ezagutzeko, eta bestetik, txapelketa txiki bat jokatuko dugu bertako frontoian. Eskerrak ematekoa da Mikelek egiten duen ahalegina Foster lekeitiarragaz bikote izateko, domekero, autoz, hiru orduko ibilbidea eginda”, nabarmendu dute.