EH Bilduren aldeko 5 botoekin eta EAJren kontrako 2 botoekin, Berriatuko Udalak aurtengo aurrekontua onartu du. Inbertsioei dagokienez, eskola publikoaren proiektua egitea, brigadako biltegi berria eraikitzea eta Gazte Plana osatzea izango dira udalaren lehentasunak. Guztira,
1.506.000 euroko aurrekontua onartu du, iazko antzekoa.
Gazte Planari dagokionez, apiriletik ekainera arte gauzatuko dutela jakitera eman dute. Izan ere, Berriatuan bizi diren gazteek ere euren lekua edukitzea nahi du udalak. Horretarako, baina, gazteei zuzendutako plan bat egin beharra dagoela diote. «Gazte Asanblada kide barik geratu zen iaz, eta ondorioz, gaztetxea itxi egin zen. Udalak argi dauka gazteei leku finko bat ematea ondo dagoela, baldintzak zehaztuta, beti ere», esan du Jon Arriola Berriatuko alkateak. Eta Ekintza Plana egiteko herritarrekin egindako bileretan ere gazteen egoera herritarrek daukaten kezketako bat dela azaldu du Arriolak.
Gazte Plana egiteko 8.800 euro bideratu dituzte. Plazako frontoia konpontzea (8.000 euro) eta espaloiak konpontzea (25.000) ere aurtengo zereginetan jaso dituzte
Gazte Plana parte hartze prozesu baten bidez osatuko dutela argitu du Arriolak. Parte hartze prozesu horretan, baita ere, eliza azpiko plaza gazteentzako gune bezala prestatzea aurreikusi dute. «Umeentzako parkea prestatu zen modura, eliza azpiko parkea etorkizunean gazteen gune izatea nahi dugu». Horretarako, baina, Gazte Plana ondo zehaztu beharra dagoela diote. «Lehenik eta behin, gazteekin harremanetan jarriko gara, eta Gazte Plana osatzeko prozesua nola izango den azalduko diegu». Lanketa horregaz hasteko, 8.800 euro bideratu ditu udalak.
Eliza azpiko plaza hori konpontzeko, hain zuzen ere, 8.000 euro bideratuko ditu Berriatuko Udalak. Horrez gain, plazako frontoia ere konponduko dute; 6.500 euro erabiliko dituzte horretarako.
Eliza azpiko parkea.
Eskola handitzeko lanak. Eskola handitzeko proiektua ere aurtengo inbertsio nagusienen artean sartu dute. «Bere garaian eskola handitzeko proiektua egin zen. Horretan, baina, Jaurlaritzako Hezkuntza Saila eta udala batera zeuden, eta bi fase bereizten ziren. Lehenengo fasea udalaren gain zegoen». Azkenean, baina, Hezkuntza Sailak udalari esan dio lanak eurak egingo dituztela, eta dena batera egin behar dela. «Horrek suposatzen du umeak eskolatik atera behar direla. Ondorioz, hori guztia jasotzen duen proiektu berri bat egin behar da». 44.325 euro bideratuko dituzte horretarako.
Mendibarren frontoiaren atzeko aldean
brigadarentzako biltegi berria egitea ere aurreikusi dute. 56.000 euro erabiliko dituzte. Datorren urtean ere jarraipena edukiko du proiektuak.
Aurten egingo dituzten beste inbertsio batzuk: auzo bideak konpondu, ondarea lantzeko lanak kontratatu, garapenaren inguruko diagnostikoa egin eta Hiri Antolamendurako Plan Orokorra
Iriste erraztasuna ere herritarrek daukaten beste kezka bat dela esan dute. «Zebrabide guztietan espaloiak ez daude ondo. Eta iaz esan genuen arazoari irtenbidea emateko inbertsioak egingo genituela». Beraz, espaloiak konpontzeko 25.000 euro bideratuko ditu udalak.
Plazako frontoia.
Gardotza industrigunean ere
argiteria publikoa aldatuko dutela iragarri dute; led-ak ipiniko dituzte. «Horretarako 28.000 euro erabiliko ditugu». Inbertsioen atalean jaso dituzte baita ere auzo bideak konpontzea (23.000 euro), Hiri Antolamendurako Plan Orokorra (14.600 euro) eta ondarea lantzeko lanak kontratatzea (3.500 euro). «Herriaren garapenaren inguruko diagnostikoa ere egingo da, ikusteko zein norabide jarraitu behar dugun». Eginkizun horretarako 3.640 euro erabiliko dituzte.
Haurreskolako laguntzak. Haurreskolan umea matrikulatzen duten familiei diru laguntza emateko partida ere zehaztu du udalak. Izan ere, iazko maiatzean udalak onartu zuen 2016-2017 ikasturtean umeak Berriatuko haurreskolan matrikulatzen zituzten familiei laguntza ekonomikoa ematea, herriko zerbitzu publikoa indartu eta familiei haurreskolan umea matrikulatzeak eragiten duen kostu ekonomikoa txikitzeko. «Laguntza horiek emateko 3.000 euro bideratu ditugu».
Bestetik, iazko inbertsio batzuk mantentzea erabaki dute. «Iazko legez, kulturara 80.000 euro bideratu ditugu. Hori bai, aurten zehaztu egin nahi izan dugu ekintza bakoitzera bideratuko dugun diru kopurua».
Beste inbertsio batzuk:
- Udalekuak. 3.000 euro.
- Liburutegiko jarduerak. 3.000 euro.
- Parte hartzerako. 2.000 euro.
- Ingurumen kontzientzia lantzeko. 3.000 euro.
- Berdintasun politikak lantzeko. 3.500 euro.
- Kultura: 80.000 euro:
- San Gregorio jaiak: 36.000 euro.
- San Pedro jaiak: 8.000 euro.
- Aitxe-Kutz jaiak: 2.000 euro.
- Gabonak 2016-2017: 7.000 euro.
- Otsaila, martxoa eta apirileko agenda: 2.500 euro.
- Probak: 5.000 euro.
- Senegaldarren Eguna: 4.000 euro.
- Urriko agenda: 1.500 euro.
- Azaroko agenda: 4.500 euro.
- Beste batzuk: 9.500 euro.