Elkartasuna eta ingurumenarekiko konpromisoa ereiten
Zuhaitz eta Konpost eguna ospatu zuten domekan Ziortza-Bolibarren. Ingurumenari loturiko eguna izateagaz batera, Ipar Euskal Herriko Seaska ikastolen federazioari elkartasuna erakusteko eguna izan zen.
Hain zuzen ere, Baionako Etxepare Lizeoaren diru bilketa kanpainagaz bat eginez, hamabost sagarrondo landatu zituzten. Gainera, bertaratu zirenek sagar ekologikoak dastatzeko aukera izan zuten.
Arbolak landatu ostean, auzokonposta banatu zuten; gutxi gorabehera 50 kilo banatu zituzten auzotarren artean.
Ziortza-Bolibarko Udalak, Aranbaltz Kultur Elkarteak eta Markola Guraso Elkarteak deituta, herritar ugari batu ziren, eta ekitaldi arrakastatsua izan zela adierazi du Alberto Garro Ziortza-Bolibarreko alkateak: “Seaskari gure laguntza ematea, eta umeak halako ekitaldian parte hartzea garrantzitsua dela uste dugu. Oso giro polita izan genuen”.
Argazkiak: Aranbaltz Kultur Elkartea, Markola Guraso Elkartea eta Ziortza-Bolibarko Udala.