2016ko
apirilaren 6an estreinatu zuten
Uda gau bateko ametsa (William Shakespeare) obra Bilboko Arriaga antzokian. Eta orain, obrak Ercilla hotelen kateak urtero antzerkigintzaren alorrean ematen dituen sarietako bat eskuratu du; euskal antzerki ekoizpen onenaren saria eman diote. Besteak beste, antzezlan horretan parte hartu zuten Iñaki Maruri aktore ondarrutarrak eta
Mitxel Santamaria eta Eneritz Artetxe gernika-lumotarrek.
Ekoizpenean parte hartu zutenek astelehenean [martxoak 6] hartu zuten saria. «Lehendabizi jakin genuen obra sari hori eskuratzeko hautagaietako bat zela. Eta duela hilabete jakin genuen sariduna izan zela», azaldu du Marurik.
Halaber, saria «talde guztiarena» dela eta «pozik» daudela gaineratu du aktore ondarrutarrak.
Maruri (saria eskuetan duela), obran parte hartzen duten beste kide batzuekin batera.
Hurrengo estreinaldiak. Bestalde, Marurik eta Santamariak beste bi antzezlan estreinatuko dituzte datozen egunetan. «Alde batetik,
Aborigenes obra estreinatuko dugu barikuan [martxoak 10] Bilboko Pabellon 6 arte eszenikoen gunean. Horretan, ni musika zuzendaria naiz, eta Santamaria zuzendari laguntzailea da», aurreratu du ondarrutarrak.
Barikuko estreinaldia euskaraz izango dela esan du Marurik. «Antzezlan berdina datorren barikuan gazteleraz estreinatuko dugu».
Obra hori ikusi nahi dutenek
Pabellon 6en webgunean kontsultatu ahal dute emanaldien egutegia, eta erreserbak ere aurretiaz egin ahal dituzte.
Baina estreinaldi gehiago ere edukiko dituzte bi aktoreek. Izan ere, martxoaren 17an Zarzuela on air antzerki musikala estreinatuko dute. «Horretan, Santamariak eta biok aktore legez parte hartuko dugu».
Zarzuela on air obra. Izatez, obra hori Bilboko Rossini abesbatzak egin nahi zuen ikuskizunetik sortutako antzezlana dela argitu du Marurik. «Abesbatzako kideek duela urte bat esan ziguten 50eko hamarkadako irrati programen inguruko ikuskizun bat egingo zutela. Baina musika emanaldi soil bat izan ordez, ikuskizunean antzerkia ere txertatu nahi zuten. Beraz, esan ziguten ea testu bat egin eta antzeztuko genukeen. Eta hori egin dugu».
Marurik eta Santamariak Arriaga antzokian egindako bisita gidatuetan antzeztutako pertsonaiak erabiliko dituzte ‘Zarzuela on air’ ikuskizunean: Aurori eta Maria Angeles
Antzezlan horretan, hain zuzen ere, Marurik eta Santamariak Arriaga antzokian egindako bisita gidatuetan antzeztutako pertsonaiak erabiliko dituzte: Aurori eta Maria Angeles. «Ikuskizuna kokatzeko, 50eko hamarkadako irrati programa bat zuzenean egiten gaudela irudikatuko dugu, eta bi pertsonaien arteko elkarrizketa garatuko da hor». Eta garai hartako irratsaioetan abesbatza ezberdinek zuzenean abesten zutenez, Rossini abesbatza ere horrela txertatu dute. «Beraz, pertsonaiak irratsaioa egiten dauden bitartean, abesbatzak sei pieza abestuko ditu».
Maruri eta Santamaria, Aurori eta Maria Angeles pertsonaiak antzezten, Arriaga antzokian.
Irratsaioetan iragarkiak ere egoten direnez, 50eko hamarkadan ospetsuak ziren iragarkietako abestiak ere entzun ahalko dira obran. «Adibide bat ematearren, abesbatzekoek Cola Cao-ren iragarkiko abestia abestuko dute».
Sarrerak eta ordua: Antzerkia eta musika uztartzen dituen ikuskizun hori martxoaren 17an Bilboko BBK Aretoan izango da, 20:00etan. Sarrerak salgai daude, Kutxabanken kutxazainetan edo
Interneten.