El Pais-en kazetari lanean aritu eta gero, 2010. urtean bide zabalagoa hartu eta Andrea Momoitiogaz batera
Pikara Magazinea sortu zuen June Fernandezek (Bilbo, 1984). Iaz, ostera,
10 ingobernables. Historias de trasgresion y rebeldia liburua argitaratu zuen. Eta hain zuzen, liburu hori Ondarroako Etxelilan aurkeztuko du martitzenean, 19:00etan. Aurkezpena Uxuk antolatuta dago.
Zerk bultzatu zintuen liburua idaztera?
Egia esan, proposamena argitaletxearena izan zen. Latinoamerikan egon nitzenean aurkitu nituen istorioak, zeintzuk elkarrizketatu nituen, zeintzuk elkarrizketatzeko gogoz geratu nintzen… kontatzea nahi zuten. Gero konturatu nintzen, liburuan sartu nahi nituen istorio edo pertsona horiek amankomunean zutela nolabait gizartean dagoen normaltasun kontzeptuagaz apurtzen zutela. Pertsona oso anitzak dira, adin eta testuinguru desberdinetakoak. Gizarteak ezartzen dituen arau horietatik kanpo geratzeagatik baztertuak sentitu diren pertsonak dira, baina, aldi berean, bazterkeria horretatik arrotasuna atera eta jarrera errebeldea hartu dutenak.
Bazterkeriak indarberritu egin ditu, beraz.
Istorio asko oso gogorrak dira. Sebastianaren kasuan, Guatemalako indigena da bera, senarrarengandik tratu txar itzelak jaso izan ditu. Eta berak aktibismoari esker ulertu zuen onartezina zela bera jasaten zegoena. Eta aktibismoaren bitartez, besteei lagunduz, bere zauriak sendatu ahal izan ditu. Beste protagonista bat da Joan deitzen den Bartzelonako mutil bat. Txikitaz maritxu eta Juanita deitzen zioten. Berak ondokoa esan zuen: «Juanita deitzen didatela? Ba nik ere nire buruari Juanita deituko diot», eta horrela egin zuen. «Juanita deitzen naiz, maritxua naiz, eta harro nago», esan zuen. Nik uste estrategia hori nahikoa garrantzitsua dela. Liburuan jarrera hori oso presente dago.
June Fernandez: “Idatzi dudan liburuko protagonistak ez datoz aktibismotik edota unibertsitatetik, baina eduki duten bizirauteko grinaren bidez aktibista bilakatu dira”
Pertsona ezezagunak dira, baina euren jarrerak erreferente bihurtu ahal izan dituzte.
Hori da. Horrelako erreferenteak oso garrantzitsuak dira niretzat. Adibidez, Martxoak 8aren inguruan diskurtso instituzional bat entzun nuen. Horretan, politikariak hainbat izen gogoratu zituen: Virginia Woolf, Clara Campoamor… Nik, ostera, liburu honetan bestelako erreferente feministak proposatu nahi izan ditut. Adineko pertsonak, unibertsitatera joan ez direnak eta kasu batzuetan idazten eta irakurtzen ikasteko aukerarik ere izan ez dutenak . Pertsona horiek ez datoz aktibismotik edota unibertsitatetik, baina eduki duten bizirauteko grinaren bidez aktibista bilakatu dira.
Ez duzu uste liburuko protagonista horiek duten jatorri apalagatik jendea gehiago identifikatu ahal dela?
Nik uste dut baietz. Irina izeneko protagonistaren kasuan, adibidez, esklerosi anizkoitza dauka eta gurpildu aulki batean Nicaraguako gerran ibili zen, Kalashnikov bat besapean hartuta. Horrelako kasuak, esaterako, gure esperientziatik urrun geratzen dira. Baina beste protagonista batzuen kasuan, gertukoak egiten zaizkigu. Adibidez, buruan daukat, Galiziako herrixka batean kokatuta dagoen kontakizuna. Horretan, adineko emakumeek joko tradizional bat egiten dute domeka guztietan; joko hori da emakume galiziarrek jokatzen duten joko tradizional bakarra. Ba joko hau hilzorian dago. Jokatzen dutenek 80 urte inguru dute, eta ez dute euren bidea jarraituko duen ondorengo belaunaldirik. Eurengana joan nintzen eta domeka batean ikusi nuen nola partida hau jokatzen zuten. Niretzako hori ere bada errebeldia eta bada feminismoa. Eurek agian ez dute horrela izendatuko, baina emakumearen kulturarako eta aisialdirako eskubidea bizirik mantetzea dute helburu. Eta udalak euren jolas zelaia errespetatu ez eta gune horretan aparkamentu bat egin badu ere, eurek euren aldarrikapenagaz jarraitu dute. Izpiritu iraultzailea ikusten dut hor.
Fernandez: “Nik nahiago nuen kazetaritza lan bat egin eta bilatzen nituen istorioak kontatu, eta nork bere irakurketa egitea. Baina aldi berean, istorioak idazten nituenean, konturatzen nintzen nolabaiteko pedagogia sartu egin behar nuela”
Pedagogia feminista hutsetik urrunduz, liburuaren haria jendarteko arauak apurtzen dituztenen bizipenak izatea nahi zenuela irakurri dut. Hasieratik zeneukan ideia hori?
Argitaletxeak buruan zeukan ideia da nik
reaggetoiari buruz idatzi nuen artikuluaren antzeko zerbait egitea; argitaletxeak gomendatu zidan feminismoa modan jartzeko zer edo zer idaztea. Argitaletxea ez da argitaletxe feminista bat, eta euren irakurleak ez daude konbentzituta; aurreiritziak apurtzeko zer edo zer egiteko proposatu zidaten. Nik esan nuen ez nuela nahi egin lan bat jendeari feminismoa zer den azaltzeko eta konbentzitzeko; ez nuen lan pedagogiko hori egin nahi. Nik nahiago nuen kazetaritza lan bat egin eta bilatzen nituen istorioak kontatu, eta nork bere irakurketa egitea. Baina aldi berean, istorioak idazten nituenean, konturatzen nintzen nolabaiteko pedagogia sartu egin behar nuela (datuak emateko eta abar). Adibidez, protagonistetako bat intersexuala da, eta jendeak ez daki zer den intersexualitatea. Nahiz eta bere istorioaren bidez intersexuala izatea zer den argitzen den, oharrak beharrezkoak zirela pentsatu nuen. Beraz, liburua azpioharrez beteta dago.
Idazkera aipatu duzula, liburu bat idazterakoan nola sentitu zara? Zelan kontrolatu duzu hasieratik dena ez kontatzeko arau hori?
Kasu horretan editorearen papera oso garrantzitsua izan da. Ni ez nintzen horretaz ohartu. Ni kazetaria naiz, eta ohituta nago zuzenean dena kontatzera. Liburua fikzioa ez bada ere, narrazioa eta abar kontuan eduki behar dira. Errekurtso literarioak erabiltzeko gomendioak egin dizkit editoreak. Hala, harrigarria izan zitekeen osagarri bat azkenerako utzi dut, erritmo motelagoa eramaten ikasi dut, eta abar.
Editorearen laguntza, beraz, eskertu egin duzu.
Bai. Eta nik uste dut gaur egun ez dela oso ohikoa editorearen figura hori. Azken finean, argitaletxe handietan dena presaka egiten da. Nire kasuan, lantaldearen proiektu bat izan da hau. Eta nahiz eta gauza berri asko ikasi ditudan, gozatu egin dut.
Idazteko aske sentitu zara?
Bai.
Eta azken emaitzagaz gustura geratu zara?
Ni gustura geratu naiz. Akaso, autokritika edo egitekotan, protagonisten profilak ikusita, Espainia, Euskal Herria eta Kataluniako protagonista guztiak dira pertsona zuriak eta bertokoak. Azkenean ezin izan nuen sartu etorkinik ezta ijiturik. Niretzako bi profil horiek garrantzitsuak ziren. Baina, orokorrean, emaitzagaz pozik geratu naiz. Gainera, Susanna Martinen ilustrazioekin eta, oso ondo geratu da.
Beno, hurrengo libururako baduzu nondik tira egin…
Bai. Gainera liruburu hau infinitua da. Istorio asko daude kontatzeko eta… Askok galdetzen didate ea honek jarraipena edukiko duen. Egia da tentazioa daukadala, izan ere, egin nahi nituen elkarrizketa batzuk ezin izan ditut egin. Baina uste dut lortuko dudala pertsona horiek elkarrizketatzea. Eta agian beste formatu batean edo, zer edo zer argitaratu ahalko dut.
“Hemen indarkeria matxistaren kasuan judizializazioa da bide nagusietako bat, baina indigenen kasuan, esaterako, badakite justiziak emakume txiro eta indigenei ez diela kasurik egingo, eta eurek bide komunitarioago bat hartzen dute”
Aurkezpenak egiten ere ibili zara. Zer nolako harrera eduki du liburuak? Zein sentsazio eduki dituzu?
Ba oso ona. Esan behar da baita ere bigarren edizioan goazela, eta ondorioz, erantzuna ona izan da. Aurkezpenei dagokionez, bi irakurle profil daudela sentitu dut. Alde batetik istorioekin identifikatu direnak eta istorio horiek bistaratzea eskertzen dutenak daude. Horiek ikusten dute beste liburuetan protagonista gehienak gizonezko zuriak eta heterosexualak direla. Eta kasu honetan horrela ez denez, nolabait sentitzen dute protagonista direnen bizipenekin euren istorioak ere kontatu ditudala. Beste aldetik, identifikatuak sentitzen ez direnak daude, gizon zuri heterosexualak adibidez, baina aldi berean uste dutenak leiho bat iraki diedala. Niretzat azken hori ere gakoa da. Kontua ez da bakarrik baztertuta sentitzen diren horiei mezua botatzea, baizik eta berdintasunaren borrokan eroso sentitzen den gizonetik ikusten hastea gizarte honetan guztiok ez garela eroso sentitzen.
Zuk elkarrizketatu dituzun pertsona guztiek ze ekarpen egin dizute?
Eurek niri ekarpen asko egin dizkidate. Adibide bat ematearren, Sebastianaren kasuan (indigena), testuingurua ezberdina da eta hemengo feministek daukaten diskurtsoa apurtu egiten du. Esaterako, indarkeria matxistaren kasuan, gizonezko batek emaztea jipoitzen duela badakizu, aholkatuko diozuna da senarra uzteko eta salatzeko. Sebastianak, ostera, senarraren jarrera aldatzearen alde egin zuen. Azken finean, hango errealitatea bestelakoa da. Agian zuk zure kabuz ezin duzu autonomia ekonomikorik eduki, ezin duzu beste herri batera alde egin. Niretzako hori “txokea” izan zen, baina umiltasunez ulertu nuen beste testuinguru bat dela eta beste estrategia batzuk dituztela, eta horietatik ere ikasi egin dut. Hemen indarkeria matxistaren kasuan judizializazioa da bide nagusietako bat, baina euren kasuan badakite justiziak emakume txiro eta indigenei ez diela kasurik egingo, eta eurek bide komunitarioago bat hartzen dute. Gai hori
Ruda dokumentalean ere aipatzen da. Horrelako irakaspenak asko izan ditut.
Eta zuk haiei?
Nicole El Salvadorreko emakume intersexualak esan zidanagaz geratzen naiz. Nik galdetu nion ea liburuan bere izen abizenekin agertu nahi zuen. Eta berak esan zidan, noizbait zerbait txarra gertatzen baldin bazitzaion, munduak jakingo zuela bera existitu egin zela, bere istorioa jasota geratuko litzatekeela. Nik uste dut bere erantzun horrek islatzen duela kazetarion lana, eta hori izan da nik haiei egin diedan ekarpena.
HONEKIN LOTUTA: Guatemalako indigenak (Johana Ramirez, Olga Quiej eta Sebastiana Aquino) Ondarroako Etxelilan bisitan izan zireneko albistea eta argazkiak ikusi
Fitxa:
- Izenburua. 10 ingobernables. Historias de trasgresion y rebeldia.
- Idazlea. June Fernandez.
- Argitalpen data. 2016ko iraila.
- Ilustrazioak. Susanna Martin.
- Orrialde kopurua. 264
- Argitaletxea. Ediciones K.O.