Berdela lehorreratu dute Ondarroan
Lehenengo berdel aleak atzo arratsaldean sartu ziren. Horiek, baina, amukoak izan ziren eta Beti Huts arrantza ontziak ekarri zituen. Gaur, ostera, ontzi askok ekarri dute berdela. Ondarroako kofradiako langileek jakitera eman dutenez, 200.000 kilo berdel lehorreratu dituzte gaur goizean [martxoak 10]. Eta euro baten azpitik saldu da; 0,80 euro eta 1 euroren arteko prezioa egin du.
Sasoiari dagokionez, dagokion sasoian lehorreratu dutela esan dute kofradiakoek. “Izatez hau da berdelaren sasoia; martxoaren 10, 11 eta 12 buelta. Kontua da antxoa aurreratu dela. Eta gero, eguraldi onak egin duenez, ontziak arrantzara atera dira eta gehiago izan da zer edo zer ekartzeko gogoa”.
Dena dela, urte batzuetan lehenengo arrantzatu izan dutela esan dute. “Eta horregatik, jendeak uste izan du arinago lehorreratu behar zela. Ez da besterik”.