Orain dela hamar urte, 2007ko urtarrilean, jarri zen martxan Izarbidean elkartearen Aisialdi proiektua, Markina-Xemeingo Udalak utzitako
Topagune deitu zioten lokal batean. Izenak dion modura, helburu nagusiena, ume, gazte eta helduak elkarrekin egoteko gune aproposa izatea da, bilgunea.
Urte guzti hauetan Topaguneak
era askotako aukerei zabaldu dizkie ateak. Horrela, ekintzak sortzen eta elkarren artean ezagutzen joatea ahalbidetu die elkarteko kideei. Gune berriari esker hasi zen Izarbidean aisialdiari etekina ateratzen. Telebista eta ordenagailua ere badituzte lokalean, negu luzeari eusteko. Hala ere, eskulanak eta sukaldaritza, esateko, oso gustuko dituzte Topagunearen erabiltzaileek.
Izarbidean elkartekoak eskulanak egiten Topagunean. Argazkia: Izarbidean
Boluntarioen laguntzagaz, denen artean prestatu eta hainbat merienda gozo egin dituzte Topagunean: pizzak, madalenak, flanak, pastak… Batzuetan eurek jateko izan dira, eta besteetan etxekoekin partekatzeko.
Barruko ekimenez gain,
kanpora begirako beste hainbat ekintza ere burutzen ditu elkarteak: Asteburuko irteerak eta egun bateko irteerak Baserri Eskolara, bolatokira, suhiltzaileengana, arraunean egitera edo barbakoa eder bat prestatzera.
10. urteurrenagaz, baina, topagunea kalera ateratzeko garaia dela ikusi du elkarteak, herriko taldeekin ekimen ezberdinak antolatzeko garaia. Elkartea aditzera eman eta jendeagaz «topatu» nahi dute, eta horretarako ekintza ezberdinak eratuko ditu Izarbideanek, beste talde batzuekin batera.
Bertso bazkaria. Kirol ekitaldiak, mendi irteera, antzerkia, bazkaria… gauza ezberdinak prestatuko dituzte, herriari zuzenduta eta herri guztiarentzako zabalik. Eta ekainaren 17an, egun handia.
Sukaldaritza tailerra Topagunean. Argazkia: Izarbidean
Topagunearen 10. urteurreneko lehen ekimena hilabete honetan bertan egingo da,
martxoaren 18an, hain zuzen. Antsotegi hotelekoekin batera, bertso bazkaria antolatu dute. Bertsolari handi bi gonbidatu dituzte, gainera, bazkarira, kantuan jardutera:
Iratxe Ibarra herriko bertsolaria eta
Andoni Egaña.
Martxoaren 12ra arte egongo dira txartelak salgai Etxebarriko Antsotegi hotelean, eta Markina-Xemeingo Kukubiltxo dendan eta Sakris tabernan.
Bazkaltzera joan orduko triki poteoa egingo da 12:30ean, Sakris tabernatik hasita. Otordua, ostera, 14:00etan izango da.
30 euroko menu goxoa prestatu dute bertso bazkarirako. Hala ere, bateren batek doan joateko aukera ere edukiko du. Izan ere,
bi sarrera zotz egingo ditu elkarteak. Zozketan parte hartu ahal izateko «atsegin dut» eman behar zaio Izarbideanen Facebookeko orrialdeari, eta bertso bazkariaren informazioa elkarbanatu, kartelaren irudi eta guzti. «Zozketa martxoaren 12an egingo da eta Facebook bidez emango dugu jakitera irabazlearen izena», azaldu dute.