Telleria, Conde, Astigarraga eta Egaña, Beteranoen finalean
Erabakita daude martxoaren 26an Lekeitioko trinketean jokatuko diren Beteranoen Binakako Esku Pilota Txapelketako finalak. Azkenaurrekoen bigarren bueltako faboritoek ez zuten hutsik egin. Beraz, Telleria eta Conde, eta Astigarraga eta Egaña aterako d...
Telleriak eta Condek 30-23 irabazi zuten Beraza eta Etxebarria elgoibartarren kontra joan den domekan jokatu zuten bueltako azkenaurrekoa. Elgoibartarrak 2-0 irabazten hasi baziren ere, Telleriak eta Condek berehala piztu zituzten motorrak, eta aurrean jarri ziren, amaierara arte tinko mantentzea lortu zutelarik. Astigarraga eta Egaña gailendu ziren bigarren azkenaurrekoan. 30-21 irabazi zieten Moral eta Lakari.
Erakustaldia
Jokatu diren txapelketa guztiak kontuan hartuta, finalean ez da egongo lekeitiarrik, eta txapelak Deba-Mendaro edo Mallabia-Elgoibarera joango dira. Finala 12:00etan jokatuko dela aurreratu dute antolatzaileek.
Beste alde batetik, astero, Nafarroatik Lekeitiora txapelketa jokatzera etorri den Mikel Jaunarenari bere presentzia eskertzeko, martxoaren 18an eta 19an, erakustaldia egingo dute Beteranoen txapelketako parte hartzaileek Jaunarenaren herrian, Garzaronen.
«Bidaia aprobetxatuko dugu, alde batetik, bailada ezagutzeko, eta bestetik, txapelketa txiki bat jokatuko dugu bertako frontoian. Eskerrak ematekoa da Mikelek egiten duen ahalegina Foster lekeitiarragaz bikote izateko, domekero, autoz, hiru orduko ibilbidea eginda», nabarmendu dute.