Ume sahararrek kanpamenduetan pairatzen dituzten egoera gogorrak saihestu eta horri erantzun bat emateko helburuagaz egiten da urtero Oporrak Bakean programa. Horren baitan, uda sasoian ume sahararrak Euskal Herrira ekartzeko aukera egoten da. Eta Ondarroako Udalak eta Yaalah Sahararen aldeko elkarteak herritarrei udan ume bat hartzeko deialdia egin diete.
Yaalah Sahararen aldeko elkartea duela gutxi sortu da Ondarroan, eta udalak ere elkartea diruz lagunduko du; ume sahararrak Euskal Herrira ekartzeak dakartzan gastuak bere gain hartuko ditu udalak. “Saharako herriak bizi duen egoera onartezina da, eta errefuxitu legez bizi diren umeen bizi kalitatea hobetzeko urrats garrantzitsua da umeek oporrak Euskal Herrian pasatzeko aukera edukitzea. Guk hori bideragarria izateko ahalegina egingo dugu”, azaldu du Idurre Ibazeta Lertxundi Ondarroako Aniztasun arloko zinegotziak.
Saharako ume batzuk, Lea-Artibain.
Jakitera eman dutenez, azken urteetan hainbat ume izan dira Ondarroara etorri izan direnak, nahiz eta azken boladan kopurua nabarmen gutxitu den. “Aurten egoera horri buelta emateko eta kanpaina aurrera eramateko apustu irmoa egin du Yaalah elkarteak”. Hori dela eta, Yaalah elkarteko kideek gonbidapena zabaldu nahi izan diete Ondarroako familia guztiei.
Kanpainari lotutako datuak. 10-12 urte bitarteko haurrak etorri ahal dira (neskak eta mutilak), eta uztaila eta abuztua egiten dituzte berton. Gaineratu dutenez, familiek ez dute haurraren garraio gasturik ordaindu behar. “Hegazkinaren kostua Ondarroako Udalak finantzatzen du”. Euskal Herrian mediku azterketak, hortz haginen errebisioa eta begien azterketak egiten dizkiete. “Behin ekartzeak ez du inor konprometitzen; ez da derrigor hurrengo urteetan ere ekarri behar, baina, jakina, helburua hori litzateke”, azaldu dute.
Kanpainagaz bat egiteko asmoa duten herritar guztiekin
zalantzak argitzeko bilera bat egingo dutela argitu dute udal ordezkariek.
Izena emateko
epea apirilaren 1era arte dago zabalik. Informazio gehiago jaso nahi dutenek telefonoz deitu (Urki –692 71 04 94– edo Joseba –680 82 03 73–) edo posta elektronikora idatzi (
yaalahelkartea@gmail.com) ahal dute.
Saharako umeek bizi duten egoera. Argeliako saharar errefuxiatu kanpamenduetan bizi duten errefuxiatu egoerak dakartzan gabeziez gain, desertuan egoteak dituen ondorioak pairatu behar izaten dituzte; 50º-ra arteko tenperatura izaten dute.
Oporrak Bakean kanpainak, baina,
beste helburu batzuk ere baditu: umeei osasun egoeraren azterketak egitea, elikadura egokiaren bideraketa eta abar. “Azken finean, umeei ume izaten eta udagaz gozatzen uztea da helburua”.