Debegesa Debabarreneko garapen agentziak hirugarren urtez egingo du Hazilan laneratze programa; izena emateko epea zabalik dago. Aurten, gainera, egitasmoan parte hartu ahal dutenen adin tartea zabaldu dute; 25-44 urte bitarteko pertsona kualifikatuek izena eman ahal dute.
Egitasmoaren helburua da kualifikazio altua duten (unibertsitate titulua edo goi mailak prestakuntza zikloa) eta lana aurkitzen ez duten pertsonek lanpostu bat bilatzea. «Programa pertsona horiei dago zuzenduta», azaldu dute Debegesako ordezkariek.
44 urtera artekoentzat. Iaz eta 2015ean egindako egitasmoetan gehienez ere 35 urtera artekoek parte hartu ahal zuten. Aurten, baina, adin tartea zabaldu dute. «Profil profesional kualifikatua izan arren, ikasketa horiekin lotutako lan esperientziarik ez duten 35 urtetik gorako pertsonei ere programan parte hartzeko aukera eman nahi izan zaie».
Egitasmoa apirilean hasiko da martxan. Eta interesatuek hilaren 31ra arte izena eman ahal dute, garapen agentziaren
webgunean.
Izena ematen duten guztien artean, Debegesak aukeraketa prozesu bat egingo duela esan du. «Aukeraketa curriculumak aztertuz eta elkarrizketak eginez egingo dugu».
Besteak beste, parte hartzen dutenek bi fasetan egingo dute programa. Lehenengo fasean euren gaitasun pertsonalak eta profesionalak hobetzeko trebakuntza saioak jasoko dituzte, eta proiektuen kudeaketa arloko ezagutza eta trebezia landuko dute metodologia berritzaileaz baliatuz. Bigarren fasean, enpresetan praktikak egiteko aukera edukiko dute. “Horrela, lan munduko errealitatea gertutik ezagutzeko aukera edukiko dute”.