Ibon Iparragirre bisitatzeko eskaera egingo du Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordeak
Aurreratu dutenez, Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordeko kideek Alcala Mecoko (Madril) espetxera joateko asmoa agertu dute. Azaldu dutenez, larriki gaixorik dagoen preso ondarrutarraren osasun egoera eta kartzela bateraezinak diren edo ez egiaztatuko dute.
Legebiltzarreko batzorde horretako kideek preso ondarrutarra bisitatzeko eskaera EH Bilduk egin zuen; EAJ-k, Elkarrekin Ahal Duguk eta PSEk eskaera babestu zuten. Behin eskaera onartuta, batzordeak Espainiako Espetxe Zuzendaritzari eskaera bideratuko dio. Eta azken horiek erabaki beharko dute Batzordeak egindako eskaera onartu edo ez.
EH Bilduk eskaera egin zuenean esan zuen Iparragirrek bere gaixotasuna dela-eta lesio neurologikoak eduki dituela. Julen Arzuaga EH Bilduren legebiltzarkideak esan du Batzordeak eskaera onartu izana “albiste ona” dela. “Albiste ona da baita ere eskaera horren aurka agertu den alderdi bakarra PP izatea”. Arzuagak esan du, baita ere, Iparragirrek eta larriki gaixorik dauden gainontzeko presoek kalean egon beharko luketela.
Bestalde, larriki gaixorik dauden presoek bizi duten egoera dela eta, Arnaldo Otegi, Jasone Agirre eta Josu Unanue EH Bilduren ordezkariak preso horien senideekin bildu ziren atzo [martxoak 15]. Bilera horretan, baita ere, mahai gainean ipini zuten Espainiako Gobernuak larriki gaixorik dauden presoak ahalik eta gehien espetxean mantentzeko hartutako erabakia; bilera horretan egon zen Angelita Burgoa Ibon Iparragirreren ama.
Bilera egin eta gero, Agirrek esan zuen larriki gaixorik dauden presoak hiltzen ari direla, eta ez dagoela denborarik. “Gobernuari eskatzen zaion gauza bakarra da legea betearazteko”. Larriki gaixorik dauden presoak “berehala” etxera ekartzeko “urgentzia” dagoela esan eta Madrilgo Gobernuaren espetxe politika “gogor” kritikatu zuen. “Bakea lortzeko espetxe politika aldatu egin behar da. Eta horretarako, ezinbestekoa da presoak kartzeletatik ateratzeko dinamikak aktibatzea”.