Adinekoekin herri adeitsua izateko proiektua landuko dute
Adineko pertsonekin herri atsegina bihurtzeari buruzko hitzaldia emango dute, gaur arratsaldean. Talde eragilea sortzea izango da lehenengo pausoaBizkaiko beste zenbait udalerrietan legez, Ispasterrren adineko pertsonentzako herri atsegina bihurtzeko p...
Adineko pertsonekin herri atsegina bihurtzeari buruzko hitzaldia emango dute, gaur arratsaldean. Talde eragilea sortzea izango da lehenengo pausoa
Bizkaiko beste zenbait udalerrietan legez, Ispasterrren adineko pertsonentzako herri atsegina bihurtzeko proiektua martxan jarri gura dute, eta horretarako talde eragilea edo dinamizatzailea sortzea izango da lehenengo pausoa.Horretarako, Bizitzen Fundazioko kideek hitzaldia emango dute gaur, eta bertaratzen direnei programa horren informazioa eta azalpenak emango dizkiete. Halaber, gizarte langile bat ere bertan izango da. Bizi Ispasterko Nagusien Elkartean batuko dira, 17:00etan.
Talde eragile horren zeregina Ispasterren zahartze aktiborako eta osasungarrirako baldintza egokiak sustatzea izango da, eta udalak proiektuan parte hartzera animatu gura ditu ispastertarrak.
Batik bat 18 eta 30 urte bitarteko gazteei eta adineko bizilagunei luzatu diete deialdia. Interesa dutenek eskuorri bat bete, eta udaletxeko Bulego Orokorrean utzi behar dute.
Gainera, talde eragileagaz batera, «talde fokalak» ere sortuko dituzte, talde dinamizatzailera lekuan lekuko ekarpenak egiteko.
Adituen laguntza
Adinekoek daukaten «gaitasuna balioan jarriz», Ispaster adin guztientzako udalerri bihurtzea da proiektuaren oinarria: «Zahartzaroa nola bizi eta bizitza osoa nola garatu birpentsatzeko aukera ematen du».
Proiektua Bizitzen Fundazioko tenikariek bideratuko dute, eta proiektua lantzen hasteko herritarrei formakuntza eskainiko diete.
Proiektua aurrera eramateko «hiru hanka» beharrezkoak direla azaldu dute Hirugarren Adinekoen Elkarteko kideek: herriko pertsona nagusiak, udalaren laguntza eta teknikariak.
Adinekoek daukaten gaitasuna aprobetxatuz, herritarren kalitatea hobetzea eta horretarako parte hartzeko prozesuak sortzea dira helburu nagusiak.
Egitasmoak lau zati ditu, eta gutxi gorabehera bost urterako da. Hala ere, jarraipena izatea da asmoa, hau da, hemendik bost urtera berraztertzea.
Lehenengo bi urteetan egoeraren diagnostikoa egingo dute, eta ondoren, plan eragile bat osatuko dute, diagnostikoan ikusten diren arazo edo beharrizanak zelan konpondu litezkeen zehaztuz. Plana gauzatzea edo betearaztea udalaren zeregina izango da, eta gauzatu ostean, ebaluazioa egingo dute. «Hau ez da amaituko behin aztertuta; bost urteren ostean berriro hasiko litzateke lehenengotik», azaldu dute Hirugarren Adinekoen Elkarteko kideek.
Adinekoak eragile
Adineko pertsonen parte hartzea ezinbestekoa dela argi dute Hirugarren Adinekoen Elkartekoek. Parte hartzea «oso aktiboa» izan behar dela adierazi dute, adinekoak eragile izatea, eta aniztasuna egotearen garrantzia nabarmendu dute: «Talde eragileak ahalik-eta aniztasun handiena eduki beharko luke. Gure kasuan, esaterako, auzo guztietako jendearen ekarpenak jasotzea oso garrantzitsua da».
Programa Munduko Osasun Erakundetik dator, eta 2005ean egin zuten proba pilotua. Programan zortzi aztergai zehazten dira: garraioa, etxebizitza, aire zabaleko lekuak eta eraikinak, gizarte eta osasun zerbitzuak, komunikazioa eta informazioa, herritarren parte hartzea eta enplegua, parte hartzea eta gizarteratzea eta errespetua eta barnean hartzea.
«Gero eta urte gehiago bizi gara, eta gero eta beharrizan gehiago ditugu, eta horri irtenbide bat eman behar zaio. Programa ondo landu, eta pertsona nagusien gaitasunak aprobetxatuz gero, emaitza hobeak atera litezke, bai osasun arloan, segurtasun arloan etab. Pertsonentzat bizi kalitate hobea lortzeko balio du», azaldu dute.
Beharrizanak azaleratzea
Bizi kalitatea aipatzean, ez dira soilik osasun fisikoaz ari; mentalaz, emozionalaz zein sozialaz ere ari dira. Esate baterako, herritar asko bakarrik bizi dira, eta norbere bakartasun horretan bizi dituzten beharrizanak edota arazoak azaleratzea garrantzitsua dela azpimarratu dute.
Jendeak herria zelan ikusten duen eta zein beharrizan ikusten dituen esan behar dutela zehaztu dute: «Haien berba garrantzitsua dela sentitu dezatela, herrian zeresana daukatela».
Ekarpenak jaso ondoren aztertuko dute zer egin litekeen eta zer ez, seguruenik dena batera ezingo dutelako egin.