Erreparazioari buruzko hitzaldia emango du Ahaztuen Oroimena elkarteak
Erreparazioaren adibide, azken karlista gerratik frankismoaren nagusitasunera arte egondakoa ezagutzera emango dute zapatuan [martxoak 18], 12:00etan, Uhagon kulturguneko lehenengo solairuan. Aurreratu dutenez, 1876. urtean amaitu zen 3. karlistada eta 62 urte ondoren, bizirik zeuden gerra horretako beteranoek errekonozimendu bat eta ordainketa bat izan zituzten, ohorezko teniente titulua eta soldata onak besteak beste. “Bizkaian 84 espediente zabaldu zituzten eta horietatik 8 Lea-Artibaikoak dira”, zehaztu dute. Horrela, bertokoen 6 espediente emango dituzte ezagutzera.
Gatazka guztietan biktimak sortzen dira, eta biktima horiek guztiek egia, justizia eta erreparazioa merezi dutela diote elkartekoek. Hau da, erreparazioa bermatu beharreko eskubidea dela uste dute. “Batzuk erreparazioak izan dituzte eta beste batzuk ez. Biktima guztiek eskubide berdinak badituzte, erreparazioa guztientzat bermatuta egon beharko litzateke”, azpimarratu dute. Oraingoan, erreparazioa izan zutenen kasua jarriko dute mahai gainean.