Maiatzaren 7rako galdera erabakitzen eta grabaketak egiten jarraituko du Lea-Artibaiko Gure Esku Dagok asteburuan. Mendexan, Lekeition eta Ondarroan herritarrak batu eta Zubien ekimenaren bideokliparen grabaketa egingo dute. Galdera adosteko batzarrak edukiko dituzte berriz, Mendexan eta Berriatuan.
Lekeitio: Martxoaren 11n hasi ziren galdera zehazten Lekeition. Bost galdera erabaki zituzten bileran elkartu ziren 30 lagunen artean eta horietako bat aukeratuko dute martxoaren 25ean, 11:00etan, kultur etxean. Herritarrei parte hartzeko deia luzatu diete Lekeitioko GED herri dinamikako kideek, “denen artean galdera adosteko”. Asteburu honetarako ere deialdi zabala luzatu diete herritarrei. Izan ere,
domekan [martxoak 19] Karraspiora bidean dagoen zubian elkartu eta zubien ekimena grabatuko dute. 11:00etan jarri dute ordua batzeko zubian bertan.
Aulestiko zubien ekimena. Argazkia: Gure Esku dago
Mendexa: Liako zubian elkartuko dira berriz, Mendexarrak
zapatuan, [martxoak 18] 11:00etan, grabaketa egiteko. Jai giroa izango dute nagusi. Grabaketaren ostean erromeria edukiko dute, eta baserritar jantzita joatea eskatu diete herritarrei. Arratsaldean, bestalde, kafe tertulian, galdera adosteko prozesuari ekingo diote. 18:00etan hasiko da solasaldia udaletxeko ganbaran.
Berriatua: Berriatuarrek joan den asteko domekan [martxoak 12] egin zuten zubien ekimena. Giza katea osatu zuten herritarrek zubi batetik bestera. Horrela, grabaketa eginda, galdera adosten hasiko dira. Lehenengo herri batzarra egingo dute bihar
[martxoak 17], 19:00etan bideo gelan. Datorren domekan [martxoak 26], berriz, kafe tertulia izango dute, 17:00etan soinketa gelan.
Ondarroa: Joan den domekan adostu zuten galdera, eta oraingoan
[martxoak 19] zubien ekimena grabatuko dute. Zubi Zaharra aukeratu dute horretarako, eta 12:30ean batuko dira bertan herritarrak. Grabaketa egin eta gero, ekintza ezberdinak egingo dituzte Itsasaurren, eta txosna ere egongo da.
Munitibar: Grabaketa joan den asteko zapatuan [martxoak 11] egin zuten, Bengolan.