Euskal Herriko kantu, doinu, dantza eta soinu tresnen hotsen bitartez, Euskal Herriko musikaren alderdi ezberdinak ezagutzeko aukera egongo da zapatuan [martxoak 18], 18:00etan, Markina-Xemeingo Uhagon kulturguneko erakusketa gelan. Saioa Juan Mari Beltran musikari, ikertzaile eta irakasleak gidatuko du, eta hari laguntzen egongo dira Ander Barrenetxea (txalaparta eta perkusioa) eta Errege Belda (akordeoia).
Aurreratu dutenez, adarrekin eta txalapartagaz hasiko dute saioa, eta garai bateko artaxuriketako kanta eta dantzak arrabita rabela musika tresnagaz eta kale eta erromerietan entzuten zen zarrabetea musika tresnagaz ere interpretatuko dituzte. Ondoren, Zuberoako bi inguruetako musika erakutsiko dute: mendiko Txanbela soinu-tresnaren errepertorioko artzainen antzinako doinu librea eta Xirula eta ttunttunaren plazako dantzak.
Kontzertua emango duten Juan Mari Beltran eta Errege Belda jarrita, eta Ander Barrenetxea zutik. Argazkia: Uhagon kulturgunea
Kontzertu didaktikoaren protagonistak izango dira baita ere baserri giroan jotzen ziren tronpa edo musukitarra, txistua eta danbolina, eta alboka.
Emanaldia Euskal Herriko Musika Bulegoak lagunduta egingo da, eta publiko guztiari zuzenduta dago. Horrez gain,
ikuskizuna doan izango dela ere jakitera eman dute.
Musika tresna batzuk:
- Arrabita rabel. Garai batean gure lurraldeetan hain erabilia izan zen sokazko soinu tresna.
- Zarrabetea. Euskal Herrian orain ehun urteko aipamenetan agertzen dira musika tresna honi buruzko azken aztarnak. Zenbait lurraldetan erabiltzen jarraitu dute.
- Tronpa, mosumusika edo mosukitarra. Hasieran batean tronpa bezala ezagutzen zena, gaur egun aho soinu bezala da ezagunagoa.
- Xirolarru edo bota. Arabako Errioxan jotzen zen. Kornamusa bezala ere ezagutzen da.