Ume sahararrak udan etxean hartzeko kanpaina abian da
Ondarroan Yaalah Sahararen aldeko elkarteak eta udalak egin dute deialdia, eta Bermeon Besaldek. Apirilaren 1 eta 8rako izena eman behar da, hurrenez hurrenOporrak Bakean izenburupean, martxan dago udan ume sahararrak etxean hartzeko kanpaina. Ondarroa...
Ondarroan Yaalah Sahararen aldeko elkarteak eta udalak egin dute deialdia, eta Bermeon Besaldek. Apirilaren 1 eta 8rako izena eman behar da, hurrenez hurren
Oporrak Bakean izenburupean, martxan dago udan ume sahararrak etxean hartzeko kanpaina. Ondarroan, Yaalah Sahararen aldeko elkarteak eta udalak kanpainagaz bat egiteko deialdia egin diete herritarrei. Bermeon, ostera, Besalde Sahararen aldeko elkarteak egin du deia.Udan ume saharar bat hartzeko prest dauden Ondarroako familiek apirilaren 1erako izena eman behar dute. Bermeotarrek, ostera, apirilaren 8ra arteko epea daukate.
Ume sahararrek kanpamenduetan pairatzen dituzten egoera gogorrak saihestu eta horri erantzun bat emateko helburuagaz egiten da urtero Oporrak Bakean programa. Izan ere, Argeliako saharar errefuxiatu kanpamenduetan bizi duten egoerak dakartzan gabeziez gain, desertuan egoteak dituen ondorioak pairatu behar izaten dituzte; 50ºra arteko tenperatura izaten dute.
Ondarroaren kasuan, ume sahararrak Euskal Herrira ekartzeak dakartzan gastuak bere gain hartuko ditu udalak. «Saharako herriak bizi duen egoera onartezina da, eta errefuxiatu legez bizi diren umeen bizi kalitatea hobetzeko urrats garrantzitsua da umeek oporrak Euskal Herrian pasatzeko aukera edukitzea. Guk hori bideragarria izateko ahalegina egingo dugu», azaldu du Idurre Ibazeta Lertxundi Ondarroako aniztasun arloko zinegotziak.
Jakitera eman dutenez, azken urteetan hainbat ume izan dira Ondarroara eta Bermeora etorri izan direnak, nahiz eta Ondarroaren kasuan azken boladan kopurua nabarmen gutxitu den. «Aurten egoera horri buelta emateko eta kanpaina aurrera eramateko apustu irmoa egin du Yaalah elkarteak».
10-12 urte bitarteko haurrak etorri ahal dira (neskak eta mutilak), eta uztaila eta abuztua egiten dituzte berton.
Euskal Herrian mediku azterketak, hortz haginen errebisioa eta begien azterketak egiten dizkiete. «Behin ekartzeak ez du inor konprometitzen; ez da derrigor hurrengo urteetan ere ekarri behar, baina, jakina, helburua hori litzateke», diote ondarrutarrek.
Izena emateko bideak
Ondarrutarren kasuan, informazio gehiago jasotzeko telefonoz deitu (Urki 692 71 04 94 edo Joseba 680 82 03 73) edo posta elektronikora idatzi (yaalahelkartea@gmail.com) ahal da. Dena dela, kanpainagaz bat egiteko asmoa duten herritar guztiekin zalantzak argitzeko bilera bat egingo dutela aurreratu dute.
Bermeotarrek ondoko telefono zenbakira deitu behar dutela esan dute Besaldekoek: 635 72 50 62.