2016ko datuen arabera, sortutako sastar kopuruak behera egin du Bermeon
2016. urteko datuen arabera, Bermeon sortutako sastar kopurua %1,24 jaitsi da, azken hogei urteetako daturik onena lortuz; 4.803 tona sastar batu dituzte, hain zuzen ere.Irune Ormaetxea Bermeoko Udaleko Ingurumen zinegotziaren esanetan, bermeotarrek ge...
Irune Ormaetxea Bermeoko Udaleko Ingurumen zinegotziaren esanetan, bermeotarrek gero eta sastar gutxiago sortzen dute, eta horri esker, Bizkaiko mailarik onenera iristea lortu dute. Era berean, hondakinen murrizketa «neurri batean birziklatzearen igoeran oinarritzen dela» azpimarratu dute. Bermeon, hala ere, birziklatze datuek beherakada txikia izan zuten 2016an: %1,51ko beherakada, beira gutxiago batzearen ondorioz.
Hala eta guztiz ere, Bermeon, iaz, guztira, 1.509 tona hondakin batu zituzten, hondakin guztien %26 zehazki. Arropa eta bolumen handiko hondakinen bilketak eta ontzien birziklatzeak gora egin dute, besteak beste. Arropa bilketa zerbitzuak izan du arrakasta handiena, guztira, ia 41 tona batu dituzte kaleko edukiontzietan. Bolumen handiko hondakinei dagokienez, 153 tona altzari eta etxetresna zahar bildu dituzte; ontziak, aldiz, 279 tona batu dituzte.
Beira eta papera, behera
Beherantz egin dute, berriz, beira eta papera eta kartoiari dagozkien bilketak. Beiraren kasuan, esaterako, beherakada nabarmena izan dela azaldu dute, aurreko urtean baino 32 tona gutxiago jaso dituzte. Paperari eta kartoiari dagokionez, 13 tonakoa izan da jaitsiera.
Halaber, etxeko olio zikinaren bilketa nabarmendu nahi izan dute; nahiz eta 2016. urtean batutako kopurua jaitsi egin den, 10 tona inguru olio zikin biltzea lortu dute. Batutako olio zikinaren kopuruak gora egiteko, aurten, herriko supermekatu batean olioa batzeko zerbitzua jarri dutela gogorarazi gura izan du udalak.
Udaleko arduradunek azpimarratu gura izan dute kontsumitzerako orduan «arduratsuak izateak» duen garrantzia.