Azken hiru urtetan Lekeitiora etortzen egiten duen ahalegina eskertzeko, Beteranoen esku pilota txapelketa jokatzen ari diren
hamar pilotari Mikel Jaunarenaren herrira, Garzaron-era (Nafarroa) joan ziren zapatuan [martxoak 18], pilota erakustaldi bat eskaintzera. Basaburu bailara ezagutu ondoren, txapelketa bat jokatu zuten, bikoteak nahastuta.
Jakitera eman dutenez, epaile lanak egiten dituen Izarrak ere, bere pilotari sasoiak gogoratuz, parte hartu zuen norgehiagokan, eta Iñaki Balda Orokietako alkateak ere lagundu zien 6. bikotea osatzen.
Garzaron torneoko partaideak. Argazkia: Beteranoen txapelketa
Bi taldetan banatuta jokatu zuten ligaxka, eta
Telleria-Foster eta
Jaunarena-Laka heldu ziren finalera partidu oso tematu eta orekatuak jokatuz. “Azken partida 12 tantora egitea erabaki zen, eta erraz irabazten hasi ziren Jaunarena eta Laka 8-1, baina Telleriak sakea hartu zuenean eta Fosterren babes handiarekin, 8-8 berdintzea lortu zuten”, azaldu dute. Hala ere, berriro etorri zela, zehaztu dute, irabazleen erantzuna. “12-9 amaitu zuten Jaunarenaren bi orma politen ondoren”. Gainera, aurrelari nafarrentzat izan zen jokalari onenaren saria. “Bere dejada, horma biko eta egindako jolas politagatik”.
Laka eta Jaunarena, Garzaron txapeldunak. Argazkia: Beteranoen Txapelketa
Ondoren taldeko kideek afaria eduki zuten, eta Mikel Jaunarenari
omenaldi hunkigarri bat eskaini zioten bere ibilbide eta bihotz ona goraipatuz. Bertso eder batzuk kantatu zizkioten eta oroigarri bat eskaini. “Txapelketarako oso garrantzitsua da Nafarroako partaideak ere izatea, eta Mikelek egiten duen ahalegin eta bide luzea, benetan eskertzekoa da. Aurten, trinketearen hezetasunagatik birritan ezin jokatuta bueltatu behar izan du gainera” azaldu du Julian Arratek. Mikel Jaunarenak biziki eskertu zuen espero ez zuen errekonozimendua, eta prest agertu zen txapelketan jarraitzeko.
Julian Arrate Jaunarenari oroigarria ematen. Argazkia: Beteranoen Txapelketa
Domekan Orokietan egon ziren pilotariak, eta azpimarratu dutenez, asteburu hau
oso baliogarria izango da martxoaren 26ko finala guztiz inplikatuta ospatzeko eta talde konpromisoa sendotzeko.