GRAVNIren bigarren jardunaldiak lehia politak eskaini ditu. Bizkaia eta Gipuzkoaren arteko borroka oso erakargarria izan da. Gipuzkoarrak nesken gomazko paletan, trinketean, eskuzko sei partidetatik lautan eta zesta-puntako hiru partidetatik bitan nagusitu dira; gomazko paletan, larruzko paletan, palan eta pala motzean, berriz, bizkaitarrak izan dira garaile.
Markina-Xemeinen jokatu ziren zapatu arratsaldean zesta-puntako norgehiagokak. Lehen bi partidetan, gazte mailan eta 22 azpikoetan nagusitu ziren gipuzkoarrak; nagusi mailan irabazi zuten, ordea, bizkaitarrek.
35-22 irabazi zuten lehen partida Mutrikuko Danok Bat zesta-punta eskolako Ekaitz Mendizabalek eta Mikel Manzisidorrek. Erraz ibili zen Mutrikuko bikotea garaipena Gipuzkoarentzat lortzeko.
Bizkaia eta Gipuzkoako gazteak, zapatuan, Markina-Xemein jokatzen.
Bigarren partida, ostera, lehiatuagoa izan zen. Markina-Xemeingo Gotzonek eta Ibarluzeak jokatu zuten Bizkaiko taldean, eta Mutrikuko Aitor Andonegik eta Zumaiako Kosme Agirrek Gipuzkoakoan. Ia berdinduta ailegatu ziren bikoteak 18-19 arte, baina gipuzkoarrek 11 tanto egin zituzten jarraian, garaipena eskuratuz.
Bizkaitarrek hartu zioten neurria azken partidari. Nagusietan, Berriatuko eskolako Julen Iriondo eta Markina-Xemeingo Mikel Elkorok jokatu zuten Bizkaiko taldean, eta Andoaingo Karlos Aizpuruak eta Donostiako Asier Alberrok Gipuzkoaren ordez. 25-35 nagusitu ziren bizkaitarrak.
Asteburu honetan, hirugarren jardunaldia ospatuko da, eta, orduan, Nafarroak Bizkaiaren kontra jokatuko du; Errioxak Arabaren kontra, eta Iparraldek Gipuzkoaren kontra.