Ondarroa Zero Zamarrek dio 2016ean Ondarroatik 2.115 tona zabor bidali zirela zabortegira
Taldeak agertu duenez, zehatz esateko, iaz, Ondarroatik 2.115.541 kilo zamar bidali zituzten erretzera edo zabortegira. Birziklatzera bideratu zen zabor kopurua, ostera, 774.113 kilo izan zirela esan dute. “Erretzera eta zabortegietara botatako hondakin gehienak birziklatu egin ahal ziren”, jakitera eman dute Ondarroa Zero Zamar taldekoek.
Ondarroan gertatu modura, egoera hori Lea-Artibai eta Bizkaia osoan errepikatzen dela agertu dute; Lea-Artibai Amankomunazgoa osatzen duten herriek 6.421.145 kilo zabor bidali zituzten iaz erretzera edo zabortegira. “Argi dago ezin dugula bide horretatik jarraitu. Errekurtso naturalak alferrik galtzen eta zabortegiak zaborrez betetzen ari gara”.
Halaber, Euskal Herriko herri askotan hondakin bilketa sistema aldatuta hondakinen %70-80 birziklatzea lortu dutela ere gaineratu dute. “Sistema aldatuta, hondakin gutxiago ere sortu dituzte”. Emaitza horien aurrean, Lea-Artibain ere hondakin bilketa sistema aldatzeko asmoa pozik hartu dutela diote. “Zaborra edozelan botatzea ez da ontzat hartu behar. Birziklatzea eta birziklatzeko bideak ipintzea guztion esku dago”.