Azken bost edo sei urteetan Lekeitioko unitate mugikorrean
20 bidar odola eman duten emakumeei eta
25 odol emari egin dituzten gizonezkoei esker ona erakutsiko diete
zapatuan [martxoak 25],
12:00etan,
Lekeitioko Ikusgarri aretoan. 86 odol-emoile daude deituta, lekeitiarrak zein inguruko herrietakoak, eta guztiek esker oneko diploma bat jasoko dute omenaldia antolatu duten Lekeitioko Bizi Iturri eta Bizkaiko Dosanbiz odol-emoileen elkarteen eskutik.
Odola emoteko autobusa.
Azken urteetan omenaldirik egin barik egon dira, baina aurten odol-emoile talde handia batuko da, 86 hain zuzen. Horietatik guztietatik batzuk ezin izango direla ekitaldian egon azaldu du Xabier Txakartegik Lekeitioko Bizi Iturri odol-emoileen elkarteko lehendakariak. Bakoitzari
diploma bana banatzeagaz gainera, Koldo Goitia Lekeitioko alkateak eta Bizkaiko Odol-Emoileen Elkarteko zuzendariak hitz egingo dutela aurreratu du eta, ondoren, mokadutxoa hartzeko aukera edukiko dute guztiek batera, eskainiko duten otordu txikian.
Guztien premia. Xabier Txakartegik jakitera eman duenez,
400 bat odol-emoile daude Lekeition, hala ere, gaixotasunak direla eta adibidez, horiek guztiek ezin izaten dute beti odola emon. “Negu partean katarro asko egoten dira eta hori eragozpena izaten da”, azaldu du. Horregatik odol-emoileen garrantzia azpimarratu du Bizi Iturriko lehendakariak.
“Era konstantean eta zintzotasunez odola ematen duten pertsona horiei eskerrak emon eta egiten den lana bistaratu nahi dugu jende gehiago ere animatzen joateko”.
Txakartegik gogora ekarri duenez, Lekeitioko taldea sortu zela
44 urte beteko dira maiatzean. “Basurtoko ospitalekoak etorri ziren eta talde txiki bat osatu zen”. Ordutik aurrera, badago odola emateko aukera Lekeition. Hilero etorten da unitate mugikorra; negu partean osasun etxean egoten da eta ekainetik aurrera plazan. Bariku Santuan ere, plazan jartzen dute unitate mugikorra odol-emoileen ekarpena jendarteratzeko. “Prentsan irakurri nuen orain dela gutxi odola beharrezkoa dela baina ezin dela fabrikatu. Emon egin behar dugu beraz, ezin da sortu”, esan du Bizi Iturriko lehendakariak.
BarikuanĀ [martxoak 24] bertan egongo da Lekeition odola emateko aukera. Ohi bezala, osasun etxean egongo da unitate mugikorra,
17:00etatik 20:30era, odol-emoileen zain.