Gure Esku Dago-k ekintzak egingo ditu Lekeition, Amoroton eta Mutrikun
Joan den asteburuan egin modura, asteon ere ekintzak egiten jarraituko dute Lea-Artibai eta Mutrikuko Gure Esku Dago herri dinamikek. Oraingoan, lekeitiarren, amorotarren eta mutrikuarren txanda izango da. Hiru herrietan, ekintzak zapatuan [martxoak 25] egingo dituzte.
Mutrikun, esaterako, maiatzaren 7ko galdeketara begira indarrak batzen jarraitzeko abesti bat egin dute. Eta hori zapatuan [martxoak 25] grabatuko dute, herriko talde eta norbanako ezberdinen laguntzarekin; 09:00etatik 12:00etara bitartean grabatuko dute abestia, Ame estudioan.
Lekeition hilaren 11n hasi ziren galdera zehazten. Lehenengo bilera hartan, bost galdera erabaki zituzten, eta haietako bat aukeratuko dute zapatuan [martxoak 25], 11:00etan, kultur etxean egingo duten batzarrean; herritarrei bilera horretan parte hartzeko deia egin diete.
Amoroton, ostera, galderaren inguruko ekintza parte hartzailea egingo dute zapatu [martxoak 25] eguerdian, frontoian. Aurreratu dutenez, arbel parte hartzailearen bitartez egingo dute ekintza. Horretan, herritarrek galdera proposamenak egiteko aukera ere edukiko dutela esan dute.
ARGAZKI GALERIA: joan den asteburuan zubietan egindako grabaketetako irudiak