“Bizkaiko Trafiko Delegaritzatik jaso dugun informazioaren arabera, ekainaren 3rako aurreikusita geneukan triatloia ezin izango dugu antolatu”. Hitz horiekin jakitera eman dute Ondarroako Koaxi triatloi taldeko kideek albistea. Azaldu dutenez, zirkuitoan aldaketa gehiago egitea eta egunez aldatzea baloratu badute ere, momentuz ekainaren 3rako aurreikusita zeukaten proba bertan behera uztea erabaki dute. “Oraingoz hori da esan dezakegun gauza bakarra”. Herritarrei barkamena eskatu nahi izan diete Koaxikoek.
Zehatz esateko, Bizkaiko Trafiko Delegaritzak jakinarazi die ekainaren 3rako beste kirol proba batzuk ere badaudela aurreikusita. Eta ondorioz, Ertzaintza proba guztietara ezin dela heldu esan diete. “Horren aurrean, beste data batera aldatzea pentsatu genuen, edo zirkuitua aldatzea. Baina horrek ere bere zailtasunak ditu”. Beraz, egoera horren aurrean, momentuz ekainaren 3rako programatuta zeukatena bertan behera uztea erabaki dute. Dena dela, horrek ez du esan nahi Koaxik antolatzen duen triatloia ez denik egingo. “Litekeena da beste data baten egitea. Baina momentuz ezin dugu ezer gehiago esan; ikusi egin behar dugu”.
Hemerotekan atzera eginda,
2014an Trafiko Delegaritzatik ezarritako “baldintza zorrotzek” kinka larrian utzi zituzten hainbat kirol proba, eta tartean zegoen Ondarroako Koaxik antolatzen duen proba ospetsua ere. Azkenean, ondarrutarrek ez zuten proba egin, ondokoa argudiatuta: “Ondarroako triatloia ulertu eta sentitzen dugun moduan antolatzeko baldintzarik ez dugunez,
aurten ez dugu triatloirik antolatuko. Hainbat energia, denbora eta diru xahutu ditugun arren, penaz eta minez hartu dugu azken erabakia”.