Aurten 150 urte beteten dituela eta,
12 hilabete 12 kontzertu izenagaz 2017rako Lekeitioko Musika Bandak antolatu duen egitarau bereziaren
hirugarren kontzertua egongo da zapatu iluntzean [martxoak 25], Lekeitioko Andra Mariaren Zeruratzearen basilikan. Mutrikuko Musika Bandak eskainiko du kontzertua,
20:00etan, Josean Pascual zuzendariaren gidaritzapean.
Mendeurren eta erdiko ibilbide luze zein oparoa beteko du aurten Lekitto Musika Bandak, eta urteurren garrantzitsu hori ardatz hartuta, musika urte osoko protagonista nagusi bihurtuko dute. Hala, kontzertuak, hitzaldiak eta kalejirak ez dira faltako. Urteurrena, gainera, musika estilo eta herriko zein herritik kanpoko taldeen parte hartzeagaz ospatuko dute.
Lekitto Musika Bandaren kontzertua Nautika aurrean.
«Lekeitiok, jaietan, beste herri batzuetako bandak ere hartu izan ditu beti. Kanpoko bandek alaitzen zituzten jaiak», oroitu du Urtzi Iriondo Lekitto Musika Bandako zuzendariak. Horrela, ohitura horri jarraipena eman eta beste bandei keinu bat egin nahian, musika sail berezi bat osatu dute urteurrenerako:
12 hilabete 12 kontzertu.
Urtarrilaren 28an eman zioten hasiera sailari Debako Musika Bandaren emanaldiagaz, eta otsailaren 25ean Lekitto Musika Bandaren inauterietako kontzertua egon zen. Zapatuan izango du ekimenak jarraipena.
Ekitaldi bereziak. Hitzaldi saila ere antolatu dute, eta urrian, berriz,
Aste Musikala ospatuko da. «Musika bandak hainbat musika estilorekin duen loturari buruz hitz egingo da hitzaldietan, rock and rollagaz eta jazzagaz esate baterako», gaineratu du Urtzi Iriondok. Aste Musikalaren baitan, aldiz, herriko talde ezberdinen emanaldiak egongo dira. “Aste horretan estreinatuko dugu bai eta ere, bandari buruz prestatzen ari garen dokumentala», zehaztu du Iriondok.
150. urteurrenean,
uztaileko kontzertu berezia ere ez da faltako. Oraingoan, gainera,
Donostiako Orfeoia etorriko da Lekeitiora, eta Lekitto Musika Bandako zuzendariak aurreratu duenez, areto erraldoi bihurtuko dute plaza.
12 HILABETE 12 KONTZERTU, EGITARAUA:
- Martxoak 25. Mutrikuko Musika Banda, elizan, 20:00etan.
- Apirilak 29. Lekitto Musika Banda, elizan, 20:00etan.
- Maiatzak 27. Legazpiko Musika Banda, elizan, 20:00etan.
- Ekainak 17. Errenteriako Musika banda, elizan, 20:00etan.
- Uztailak 15. Lekitto Musika Banda eta Donostiako Orfeoia, plazan, 23:00etan. Udako kontzertua.
- Abuztuak 25. Lekitto Musika Banda, Nautika aurrean, 22:00etan. Gau Magikoa.
- Irailak 2. Lekitto Musika Banda, plazako kioskoan, 13:00etan.
- Urriak 7. Hernaniko Musika Banda, elizan, 20:00etan.
- Azaroak 18. Lekitto Musika Banda, nautika aurrean, 12:30ean. Santa Zezilia.
- Abenduak 29. Lekitto Musika Banda, elizan, 20:00etan.