Berdela eta sardina izan dira nagusi asteon Ondarroako portuan. Esan dutenez, “oso ondo arrantzatu dute”. Berdela dezente ibili da, eta kiloak 0,95 eta 0,80 euro bitarteko prezioa egin du. Amukoak ere egon dira, eta ondarrutarrez aparte hondarribitarrak, donostiarrak eta pasaiarrak ere ekarri dute.
Berdela Ondarroako portuan. Argazkia: Maddi Ibaibarriaga
Berdelaz eta sardinaz gain, martitzenean bogak eta txitxarro zuriak ere sartu ziren. Txitxarro zuriak, gainera, prezio oso ona egin zuen (4 eurotik 2 euro bitartera tamainuaren arabera).
Antxoa oso gutxi egon da asteon. Atzo gauean [martxoaren 22tik 23rako goizaldean] eguraldi txarra egon zen eta txalupa gutxiago atera ziren itsasora. Dozena bat txalupa-edo izan ziren itsasoratu zirenak. Horiek berdela ekarri dute (600-800 kaxa), baita sardina ere (2.000 kaxa). Gainera, gaur [martxoak 23] 6.000 kilo legatz ere sartu dira, eta bataz beste 5,5 euroan saldu da kiloa.
Gaur gauerako, ostera, eguraldi ona dago iragarrita, eta bihar [martxoak 24] arrain gehiago egotea espero dute Ondarroako kofradian.
Asteko arrantza:
- Berdela: 883.289 Kg – 0.95 €
- Boga: 67.279 Kg – 0.45 €
- Sardiñi: 55.068 Kg – 0.57 €
- Betandi: 39.439 Kg – 0.77 €
- Txitxarro zuria: 30.493 Kg – 2.84 €
- Antxoa: 23.530Kg – 3.21 €
- Txitxarro beltza: 1.868 Kg – 1.76 €
- Sarbu: 1.039 Kg – 8.10 €