Maite Larburuk, Josh Cheathamek eta Karlos Tarocherek osatzen duten
Neighbor taldeak kontzertua eskainiko du zapatuan [martxoak 25], 20:00etan, Ondarroako Portuko Ranpan. Besteak beste,
Ura Patrikan (2013) eta
Hau (2016) diskoetako abestiak eskainiko dituztela jakitera eman dute taldeko kideek. «Giro berezia» sortu-
ko duela diote.
Neighbor-en kontzertuak «bereziak» izaten direla diote musikazaleek. «Antzinako musika jotzen profesionalak dira. Eta libre daudenean, euren abestiak prestatzen dituzte». Gainera, diotenez, azken denboraldian taldeak ez du emanaldirik eskaini Euskal Herrian. «Ondarrutarrek, beraz, zorte eta aukera ona dute zapatuan».
Taldea duela laupabost urte sortu zuten Larburuk eta Cheathamek, Amsterdamen (Holanda).
Hainbat musika tresna jotzen dituzte taldeko kideek: ukelelea, gitarra, beste sokazko askotariko instrumentuak, perkusioa… Xabier Montoia abeslari eta idazleak ere taldearen lanak goraipatu izan ditu. «Pop musikaren topikoak dioenez, talde batentzat zailena izaten da bigarren diskoa sortzea, are gehiago lehenengoa arrakastatsua izan bada.
Neighbor-ekoak lasai egon ahal dira, ordea, bigarren diskoa (
Hau) ere zoragarria baita».
Xabier Montoiaren kritika, irakurgai:
“Duela pare bat urte, ura patrikan izeneko disko bat agertu zelarik, harrituta geratu ginen asko. Zer ote zen hura? Nondik irten ote zen? Kantetan, musika mota zenbaiten ezaugarri garbiak antzeman bazitezkeen ere (jazzarenak, Brasilgo musikarenak, are gure herri kantagintzarenak), horiek denak modu harmoniatsuan ageri ziren,
gehienetan zerbait berezia eta, maiz, gozoa osatuz. Izendatzen zaila zen zerbait. Kantuak euskaraz eta erdaraz (ingelesez, gazteleraz) emanak zeuden, gainera. Hizkuntza gorabehera, hitzek mundu pertsonal baten berri ematen ziguten, kantuz kantu. Batzuetan, bere adierazpidea surrealismotik gertu aurkitzen zuen mundu bat, gozotik beste
mikatzetik zuen mundu bat. Maite Larbururen mundua, hain zuzen ere. Haren auzo Josh Cheathamen gitarrak biltzen eta edertzen zuen mundu bat.
Bikoteak beste disko bat osatu du, aurrekoa entzun ondoren, gehiago nahi genuenontzat opari:
Hau. Espero zitekeen bezala, disko dotorea da honako
Hau, aurrekoaren ezaugarri behinenak gordetzeaz gain, areagotu, zorroztu egin dituena. Ura patrikan haren soiltasun sofistikatua baztertu gabe ere, estutu ederra eman diote,
konposizioari nahiz instrumentazioari ere dagokionez. Konposizioetan, arriskatu eta libreago aritu direlakoan nago, Anutxatxa edo Gizon bat izeneko kantuetan, esaterako, agerian uzten dutenez. Tresnak, aldiz, lehendabiziko disko hartan baino ugariagoak dira, Carlos Taroncherren klarinete baxua gehituaz, esaterako, eta geruza gehiago ematen diete kantuei, beraz.
Pop musikaren topikoak dioenez, talde batentzat zailena bere bigarren diskoa da, batez ere lehendabizikoa arrakastatsua izan bada, Ura patrikan izan zen bezala (arrakasta kritikoaz ari naiz, noski). neighborrekoak lasai egon daitezke, ordea, disko zoragarria baita
Hau. Bejondeiela”.
Egilea: Xabier Montoia