Kalare Deuna Kofradia bertsoz eta elkartasunez bete zen bariku iluntzean.
Danak etxea taldeak antolatuta, 4. Elkartasun bertso saioa egin zen. Agin Laburu, Ane Labaka, Miren Artetxe eta Xabat Galletebeitia bertsolariek ordu eta erdi inguruko saioa egin zuten, Esti Alberdi gai-jartzailearen gidaritzapean.
4. Elkartasun Bertso Saioa Ondarroan. Argazkia: Andoni Urkiza
Saio “bizia” izan zen, denetariko gaiei kantatu zieten bertsolariek. Baina bereziki azken ariketak sortu zituen barre eta txalo gehien: Ondarroako berbei eskainitako ariketak. Bertsolari bakoitzari herriko berba bi eman zizkion Alberdik, eta entzulea parte hartzaile bihurtzeak arrakasta ekarri zuen.