Estatu feminista eta federala eraikitzen ikastaroa eskaini du Jule Goikoetxea Mentxakak Ondarroako Etxelilan. Bariku arratsaldean eta zapatu goizean izan ziren hitzaldiak.
Hainbat lagun bildu ziren ikastarora, eta «oso gustura» egon zirela adierazi dute. «Oso gidari ona da Jule eta oso parte hartzailea izan da ikastaroa». Akaso, apur bat motz geratu zela esan dute, eta berriro antolatzeko modukoa dela irizten diote.

Jule Goikoetxeak ikastaroa eskaini du Etxelilan. Argazkia: Etxelila
Ikastaroan, estatua zer den eta zer funtzio betetzen dituen aztertu zuten. «Gaur egun daukagun eredua krisian dago». Horregatik, «euskal estatu justuagoa» sortzeko prozesua abiatu zuten: zaintza lanak erdian zelan jarri, soldata unibertsalen beharra azpimarratu, lan orduak jaitsi… «jasangarriagoa izango litzatekeen estatua» diseinatzen hasi ziren. «Denok eta denontzako izango den sistema politiko, parte hartzaile, zuzena», diote.
Gaurkotasuneko bestelako gaiei buruzko eztabaidak ere zabaldu zituzten: alderdi politikoen proposamenak, amatasun subrogatua, bake eszenatokia… «Oso ikastaro aberatsa izan da».