Durangoko Kulturalaren kontra jokatu du Aurrerak asteburuan, eta banako berdinketagaz amaitu da neurketa. 3 puntuen premia handia zeukan taldeak jaitsiera postutik ahalik-eta gehien urruntzeko, baina bakarragaz konformatu behar izan da.
Partiduan ez ziren aukera asko egon, ez Aurrerarentzat, ezta Kulturalarentzat ere. Lehenengo denboran aukera bakarra eduki zuen Kulturalak: egin zuen eraso bakarrean jokaldi oso polita egin zuten durangarrek, eta markagailuan aurretik jartzea lortu zuten.
Bigarren zatia ez zuten zorteagaz hasi Aurrerakoek: bigarren txartel horia atera eta kanporatu egin zuten Jon Gabi jokalaria. Egoera ikusita, den-dena eman zuten, eta falta bat aprobetxatuz markagailua berdintzea lortu zuen Julen Arufek.
Hirugarren mailan mantentzea da Aurreraren helburua, eta oso gaitz dagoen arren, taldea gogoagaz eta motibatuta dagoela adierazi dute.

Argazkia: Aurrera