Amorotarrek giro ederrean ospatu dute Udabirra Fest jaia
Txorierriko Txorierri Garagardoak eta Gatikako Etxeandiaren eskutik, garagardo mota desberdinak probatzeko aukera eskaini zuten Amorotoko Kultur Taldeko kideek.
Goizean hasi eta arratsaldera arte jendetza batu zen frontoian, eta garagardoak probatzeagaz batera, udalerrian egindako saltxitxa, txistorra eta txerri okelagaz prestatutako pintxoak dastatu zituzten bertaratutakoek. Halaber, eskolako umeak pastelak eta antzeko gozogintza produktuak saltzen aritu ziren.
Azken urteetako ohiturari eutsiz, pala jaialdiagaz hasik zuten goiza. Lehenengo, goi mailako pala jaialdia eskaini zuten Josu Imaz eta Iban Zabala amorotoarrek eta Aulestiko Asier Galdos Enpan eta Iñaki Undagoitia Unda bikoteek. Etxekoek lortu zuten garaipena.
Ostean, Jon Arriaga eta Gurutz Arriaga amorotarrek eta Asier del Horno Athletic-eko jokalari izandakoaren eta Mikel Goñi pilotari profesional ohiaren kontra jokatu zuten, eta partida horretan ere amorotoarrak nagusi ziren. Uste baino arinago amaitu zuten partida, eta horregatik, jarraian bikoteak aldatu eta hamabost tantora beste partida bat jokatu zuten. Gurutz Arriagak eta Asier del Hornok irabazi egin zieten Jon Arriaga eta Mikel Goñiri.
Pala partidak amaituta, Izarra eta Malen trikitilariek izan zuten frontoia girotzeko ardura. Sabelak betetzen zituzten artean, haien doinuak abestu eta dantzatzen aritu ziren asko eta asko.
Bestalde, Amorotoko Gure Esku Dagoko kideek herri galdeketarako galdera erabakitzeko aukera eman zieten bertan bildutakoei. Bakoitzak bere galdera proposamena egin zuen, eta gero denen artean adostuko dute.
ARGAZKIAK: Amorotoko Kultur Taldea