Jose Bello piraguistak Palmatik Erromara egindako 'Zoroen itsas ibilaldia' azalduko du Lekeition
Azken bi urteetan bezala, Lekeitioko Dzanga Piragua Kirol Elkarteak hitzaldi eta proiekzio emanaldi bat antolatu du. Aurtengoan, Itsas kayak modalitatea oinarri modura hartuta, joan den udan hiru piraguistek Palmatik (Balearrak) Erromara (Italia) egin zuten bidaia entzuteko eta ikusteko aukera eskainiko dute.
1950 urtean 18 ikasleek egin zuten Zoroen itsas ibilaldia (La travesia de los locos) modura ezagutzen den abentura omendu eta oroitu nahi izan zuten iaz, Jose Bello, Carlos Garcia eta Alex Aguera kirolariek. 11 egunetan, Mediterraneoko ur zabaletan zehar, jubileua lortzeko asmoz, Madrid-eko (Espainia) 18 ikasle haiek egin zuten 1.100 kilometroko ibilbide bera egin zuten.
Zeharkaldi horretako xehetasun guztiak bertatik bertara ezagutzeko aukera egongo da, itsas ibilaldi horretako partaide izan zen Jose Bello gonbidatu du-eta Lekeitiora, Dzanga Piragua Kirol Elkarteak. Hitzaldia, barikuan [martxoak 31] izango da, 19:00etan Lekeitioko Kultur Etxeko Azkue Aretoan.